Ustiategi bakoitzeko 180 behi bururen muga ezar dezatela eskatu die Etxaldek Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 4a, 19:00

Etxalde bakoitzeko gehienez 180 behiko muga ezartzea eskatu die Etxaldek Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.

Etxaldek (Elikadura Burujabetza eta Nekazaritza Iraunkorraren aldeko mugimendua) uste du Hego Euskal Herriko gobernuek kontsekuenteak izan behar dutela aldarrikatzen dituzten iraunkortasun helburuekin, eta premiaz ekin behar diotela abeltzaintza jarduerari dagokionez bertze garapen prozesu bat abiaraziz, iraunkortasunerantz igarotzeko Elikadura Burujabetzaren bidean.

Nekazaritza Ministerioak (MAPA) proposatutako mugarekin, ustiategi bakoitzeko 850 AzLU (Azienda Larriko Unitateak) esnetarako behi edo 2.125 txahal haragitarako gizendegietan), esnetarako behien 70 ustiategi baino ez lirateke behar (37 Nafarroan eta 33 EAEn), gaur egun 397 ustiategi daude (130 Nafarroan eta 267 EAEn) daude. Haragitarako gizentzeko ustiategien kasuan, gaur egun 297 ustiategik kudeatzen duten erroldari eusteko (168 EAEn eta 129 Nafarroan), 27 ustiategi soilik beharko lirateke (7 EAEn eta 20 Nafarroan). Esnetarako behien ustiategien % 82ko murrizketaz ari gara, eta haragitarako txahalen % 91az Hego-Euskal Herrian.

Legebiltzarrak Nafarroako Gobernuak Abereen Osasunari buruzko lege proiektua atzera bota izana albiste ona da; izan ere, esnetarako eta haragitarako behien kasuan, 1250 AzLUko mugarekin, 25 esnetarako behi-ustiategi eta haragitarako 14 gizentze ustiategi izanen lirateke.

Etxaldek COAen proposamena babestu du, ustiategi bakoitzeko 180 AzLUko muga ezartzen baitu (180 behi eta 450 aratxe); esnegintzan 170 ustiategira arte handitzea ekarriko luke Nafarroaren kasuan, eta EAEn egun dauden 267 ustiategien etorkizuna bermatzea. Aratxeen gizentzearen kasuan, gutxienez egungo ustiategi kopurua mantentzea ahalbidetuko luke. «Nekazaritza eta abeltzaintza nahi ditugu, nekazaritzan diharduten pertsonekin, lurralde osoan banatuta. Ez enpresa handi gutxi batzuk eskulan prekarizatuaren arabera funtzionatzen. Gure proposamena garapen iraunkorraren eta landa ingurune bizi eta bizigarriaren aldeko etorkizuneko apustua da, eta abeltzaintzak lurraldeari lotutako gizarte sare aberatsa du, ezinbesteko gure herrien garapen iraunkorrerako», Gotzone Sestorain leitzarrak Etxalderen izenean dioenez.

 

Abeltzainek beren animaliak kokaleku berean kokatuz elkartu nahi dituzten kasuetan, beren bizi-baldintzak hobetu ahal izateko (adibidez, egun libreak txandaka hartzeko aukera emango dien zereginen banaketaren bidez), COAGek 180 AzLUko muga gehienez % 50eraino handitu ahal izatea proposatzen du. Hau da, mota horretako taldeen kasuan, 180 AzLUko gehieneko kopurua 270 AzLUra arte handitu ahal izango litzateke, eta soilik helburu hori lortu nahi duen abeltzain-talde bat bada.

«Etxaldek lurrarekin eta lurraldearekin lotura duten ustiategi txiki eta ertainen abeltzaintza-eredua defendatzen du. Horrela, askoz egingarriagoa izango da nazioarteko konpromisoak eta egungo gizartearen itxaropenak betetzea: ekoizpen-eredu iraunkorrago baterantz jotzea, kalitatezko elikagaien hornikuntza bidezko prezioan bermatuz», Gotzone Sestorainek azpimarratu duenez. Etxaldek Nafarroako eta Gasteizko gobernuei eskatu die abeltzaintza jarduera jasangarria babestu eta sustatzeko, proposamen eta ekintzekin; unea delako makroustiapenei eta ekoizpen industrializatu eta jasanezinari aurre egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun