Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa Eusko Label Sariko finala jokatuko dute martxoaren 6an, igandean 12:00etan hasita Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, baita emakumezkoen binakako aizkolari txapelketa, urrezko harri-jasotze txapelketa-Zortzi arroako hiru herri eta emakumezkoen harri-jasotze txapelketa, bere hiru kategoriatan, goi maila, berri maila eta gazte maila. Denera, 21 kirolari ariko dira Azpeitian, horietatik hiru eskualdekoak: bikote eginen duten Zigako Joxean Etxeberria eta Zubietako Patxi Mindegia eta Nerea Sorondo beratarra.
Urrezko binakako aizkolari txapelketako finalean, Etxeberria eta Mindegiarekin batera, Ezpeleta eta Basozabal, Txikia IV.a eta Suharri eta Mugertza II.a eta Gabirondo lehiatuko dira. Hamabosna enbor moztu beharko dituzte, bortz modalitatetan.
Emakumezkoen finalean, Nerea Sorondo beratarra eta Nerea Arruti, Laiene Pikabea eta Irati Astondoaren kontra ariko dira. Bosna enbor moztu beharko ditu bikote bakoitzak.
Harri-jasotzaileak ere
Harri-jasotzaileei dagokienez, gizasemeek Urrezko harri-jasotze txapelketa-Zortzi arroako hiru harri txapelketako finalean izanen dira Mikel Lopetegi Urra, Beñat Telleria eta Xabat Olaizola. Ehuna kiloko (edo zortzi harroako) hiruna harrirekin ariko dira, zilindrikoa, kubikoa eta bola, bina minutuko txandatan.
Emakumeen harri-jasotze txapelketari dagokionez, hiru kategoriatan ariko dira. Goi mailan, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucía Orbe 63 kiloko harriekin ariko dira; Berri mailan Lur Errekondo eta Lierni Osa ariko dira ariko dira 50 kiloko harriekin eta gazte mailan Udane Ostolaza eta Naroa Sanchez, hauek ere 50 kiloko harriekin.