Berria Erremonte Txapelketaren aurkezpena egin zuten asteazkenean Galarretan. Aipatzekoa da Oier Apezetxea goizuetarrak profesionaletan debuta eginen duela txapelketa honetan. 30 urterekin, esku pilotan aritua da afizionatu mailan eta orain erremonterako urratsa eman du. Martxoaren 12ko jardunaldian debutatuko du. Berekin batera, Zubiri herritarra eta Urrutia II.a saldiastarra izanen dira eskualdeko ordezkariak.
Aurtengo txapelketan sei bikotek osatuko dute eta etorkizuneko erremontistentzat dago zuzendua, baita gaur egunean puntan dabiltzan hainbat pilotarirentzat. Sei bikoteak ondorengoak dira: Susperregi-Zubiri, Urrutia II.a-Labaka, Goikoetxea V.a-Odei, Loitegi-Zaldua I.a, Aldabe-Apezetxea eta Etxarri-Martirena.
Lehenengo hiru bikoteak A taldean daude eta ondorengo hirurak B taldean. Lehenbiziko fasean ligaxka jokatuko da talde bakoitzeko bikoteen artean denak denen aurka. Hiru jardunalditan jokatuko da, martxoaren 5ean, martxoaren 12an eta martxoaren 19an. Talde bakoitzeko lehenengo bi sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira eta martxoaren 26an jokatuko da lehenengo finalerdia eta apirilaren 2an bigarren finalerdia. Finalerdietako irabazleak finala jokatuko dute apirilaren 9an.
Lehen jardunaldia
Martxoaren 5ean, larunbatean Galarretan Urrutia II.a eta Labaka, Goikoetxea V.a eta Odeien kontra ariko dira eta Etxarri eta Martirena, Loitegi eta Zaldua I.aren kontra.