30 langabek eginen dituzte harategiko eta ostalaritzako prestakuntza ikastaroak Dantxarineko Venta Peion

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 4a, 16:00

Harategiko ikastaro praktikoaren hasiera bisitatu du Dantxarinean Carmen Maeztu kontseilariak
Nafar Lansarek bultzatuta, langabetuendako harakin-ikastaro praktikoa ari dira ematen egunotan Dantxarineko Venta Peion. Ikastaroko praktiken hasiera aitzaki hartuta, Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilaria eta Miriam Martón Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea Dantxarinean egon dira ikastaroan ari direnak bisitatzen.

Harakin-ikastaro honetan 12 langabe ari dira parte-hartzen, erdiak emakumeak, Nafarroako iparraldeko hainbat herritakoak eta Iruñekoak. Aitzineko asteotan ikastaroaren alde teorikoa hartu dute eta orain hasi dira haragi-piezen manipulazioari buruzko alderdi praktikoa ikasten.

Kontseilariak bere bisitan nabarmendu duenez, «bi hilabete baino gehiagoko ikastaroa izanen da, eta parte-hartzaileak profesionalki kualifikatuko eta prestatuko dituzte enplegagarritasuna hobetzeko. Izan ere, oraingoz, guztiek lortuko dute profesionaltasun-ziurtagiria prestakuntza ikastaro horretatik igaro ondotik».

Gainera, «proiektu honek enpresen beharretara egokitutako prestakuntza espezializatua eta langabetuen enplegua uztartzen ditu. Izan ere, parte-hartzaileen % 40k, gutienez, Venta Peion bertan lan-kontratu bat izateko aukera izanen du, eta hori pizgarri bikaina da haientzat», laburbildu du kontseilariak.
 
Martxoaren 10ean, Salako zerbitzariak prestatzeko ikastaroa hasiko da Venta Peion, eta ikastaro horretan bertze 15 lagunek parte hartuko dute. Oraindik ere leku libreak daude. Ikastaro horrek apirilaren 29ra arte iraunen du, astelehenetik ortziralera, 09:15etik 14:30era. Interesa duten pertsonek informazioa kontsultatu eta hurrengo esteka honetan eman dezakete izena, edo bertzenaz comercialnavarra@rodoia.com helbidera idatziz edo 690 981 219 telefonora deituz.
 

Lehendabiziko prestakuntza ikastaro honetan 12 langabe ari dira parte-hartzen, erdiak emakumeak, Nafarroa Garaiko hainbat herritakoak eta Iruñekoak.

Eduki teorikoak eta praktikoak

Harakin-ikastaroak 235 orduko iraupena du guztira, eta zerbitzarienak, berriz, 175 ordukoa. Bi kasuetan teoria Donezteben irakasten dute eta zati praktikoa Venta Peioren instalazioetan. Ikasleek garraio-beka bat dute, prestakuntza ematen duten lekuraino joateko.

Bi ikastaroek bezeroaren arretari, elikagaien manipulazioari eta frantsesean hasierako mailako modulu bati buruzko prestakuntza eskaintzen dute. Gainera, lanposturako prestakuntza espezifiko gisa, harategiko ikastaroak produktuak saltzeko, prestatzeko eta kontserbatzeko, zatikatzeko, haragi-piezak egiteko eta produktu gordinak, onduak eta egosiak egiteko teknikak erakusten ditu. Zerbitzariei buruzko ikastaroan, berriz, jatetxeko eta tabernetako zerbitzuari buruzko edukiak emanen dira, baita barrako eta jatetxe-salako oinarrizko zerbitzuei buruzkoak ere.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun