Hormigoizko Mugak proiektua aurkeztu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 1a, 18:30
Ollo kontseilariak eta Nafarroako bertze ordezkariek udal ordezkariei azaldu diete Hormigoizko Mugak proiektua.

Lan hau erregimen frankistak lan behartuekin Frantziako mugan eraikiarazitako bunkerretan oinarritzen da

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok Hormigoizko Mugak proiektua aurkeztu die gaur goizean Pirinioetako eta mendialdeko bailaretako alkate talde bati. Lana departamentuan garatzen ari da Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren zein Memoriaren Nafarroako Institutuaren bidez.

Halaber, Martín Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak eta Josemi Gastón Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariak hartu dute parte bileran, baita Baztan, Bortziriak, Aezkoa, Erro, Zaraitzu eta Erronkariko toki-erakundeetako ordezkariek ere, batzuk telematikoki.

Hormigoizko Mugek erregimen frankistaren adierazpen errepresiboetako batera hurbiltzen gaitu: lan bortxatua. Francoren erregimena babesteko hainbat bunker eraiki zituzten mugan.

Gainera, Nafarroako Memoriaren Institutuak eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak 2016. urteaz geroztik antolatzen dituzten gazteen boluntariotzako esparruen bidez landu da proiektua, tartean Beran, Lesakan eta Erratzun. Horiei esker, errealitate historiko traumatikoaren ezagutza zabaldu da gazteen artean. Defentsako bunkerrak giza eskubideen urraketa prozesuei buruzko hausnarketa kritikorako gune bihurtu dira, bai iraganekoak, bai orainekoak.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun