Baztanen hasi zuen bere kirol ibilbidea Jaurenak duela 17 urte. Iruñeko La Unica Rugby Taldean aritu zen, baita Getxon ere. 2013an Espainiako selekzioarekin hasi zen, Zeelanda Berrian ibili da errugbian eta 2017an Irlandako mundialean jokatu ondotik, Baionako AS Bayonaissek fitxatu zuen Top 8an aritzeko, Frantziako errugbiaren kategoria gorenean. Gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuak 2021eko emakumezko kirolari onenaren sarirako izendatu zuen. Beraz, kirol ibilbide bikaina izan du jokalari baztandarrak.
AS Bayonaissek azken aldian izan dituen arazoak eta etorkizunera begira helburu zehatzik ez izateak izan dira erabakia hartzeko arrazoi nagusiak. Taldea ez da Ligan inskribatu aurten eta behe-kategoriatan bakarrik arituko litzateke. Gainera, mundialera joateko aukera galdu zuen Espainiako selekzioak Italiaren kontra. Honez gain, Bigarren Hezkuntzako irakaslea da Jaurena eta lana eta kirola uztartzeko zailtasunek eragina izan dute erabakian.