Eskualdeko inauterien berri eman dute 'Itxi liburuak' eta 'Biba zuek!' saioetan

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 25a, 19:00

Gure Txokoa Dantza Taldeko kideek Berako inauterien berri eman zuten.

Eskualdeko herri batzuetan pasa dira dagoeneko, baina, bertze batzuetan asteburuan hasita ospatuko dituzte inauteriak. Pasatakoei, eta asteburuan hasita ospatzekoak direnei buruz mintzatu ziren atzo ETB1 kateko 'Biba zuek!' eta 'Itxi liburuak' saioetan. 

Arratsaldeko Biba zuek! saioan Berako Gure Txokoa Dantza Taldeko Jon de la Cruzek eta Saioa Zelaietak Berako Inudeen eta Artzainen berri eman zuten. Igandean dira ospatzekoak Beran, eta inoiz baino jendetsuagoak izatea espero dute. 

Ondotik, Itxi liburuak saioan Euskal Herriko inauteriak aztertu zituzten, eta tartean Goizuetako Zahagi dantza eta Iturengo joaldunei buruz solastu ziren. Goizuetako Fernando Goia zahagiz mozorrotuta atera zen Goizuetako inauterien berri emateko, eta  bertara joateko deia luzatu zuen.

Azkenik, Aitziber Garmendia saioko gonbidatua eta Gaizka Aranguren Iturenen izan ziren, eta Javier Bereau joaldunak Iturengo inauteriei eta joaldunei buruzko kontuak kontatu zizkien. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun