Nafarroako Foru Komunitatea pilota Torneoa bueltan da, «gero eta emakume gehiagorengana iristeko erronkarekin»

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 25a, 14:00

Txapelketaren aurkezpena egin zuten ortzegunean, maiatzaren 28an esku pilotako finalak hartuko dituen Navarra Arena pilotalekuan.

Eskuz binakako (pilota goxoarekin eta mistoarekin) eta gomazko paletako partidak jokatuko dituzte maiatzean eta ekainean

Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI) berriz ere Emakumeen Nafarroako Foru Komunitatea pilota txapelketa antolatu du. Iaz bezala, binakako txapelketa honetan lehiakideak eskuz, pilota goxuarekin zein mistoarekin, eta paleta gomaz arituko dira.

Txapelketaren helburuak, NKIren ekintzen ildotik, emakumeen kirola sustatzea izaten segitzen du, kirolean erreferenteak sortzea eta emakumea ikusaraztea ahalbidetuko duen lehiaketa garrantzitsu baten bidez. era berean Nafarroan emakumeen pilota-lehiaketa bat sortu eta sendotzea ere, modalitate horietan kirol-eskaintza handituko duena, kirol horri bultzada bat emateko. Azken batean, antolatzaileek adierazi duten bezala, «gero eta emakume gehiagorengana iristeko erronkarekin».

Txapelketaren bigarren edizioaren aurkezpenean Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilaria izan da, baita Javier Conde (Nafarroako Pilota Federazioko lehendakaria), Javier  Ollo (Altsasuko alkatea), Joseba Jokin Ordoki (Lekunberriko kirol zinegotzia), Kakel Arandia (Vianako kirol zinegotzia), Teresa Saez (Lizarrako udaleko berdintasun teknikaria), Mari Carmen Goikoetxea (Altsasuko kirol zinegotzia) eta Maitane Bueno (Laboral Kutxako zonalde ordezkaria). Palaz lehiatuko diren Irati Igoa, Maider Ardaraz eta Amaia Espinalek ere ez dute zitara hutsik egin nahi izan.


Izen-emateak zabalik

Nafarroako Foru Komunitatea Torneoaren bigarren edizio honek ere izaera irekia eta parte-hartzailea izatearen aldeko apustua eginen du. Txapelketan parte hartu nahi duten pilotari guztiek parte hartu ahal izanen dute, hau da, izen-emate libreko txapelketa izanen da, federazio lizentzia duten edo ez duten pilotari guztiei txapelketa garrantzitsu batean lehiatzeko aukera eskainiz.

Izena emateko epea ireki da dagoeneko eta datozen hiru asteetan luzatuko da, martxoaren 17ra arte,  www.emakumemastercup.com webgunean. Aurkezpenean egon direnek parte hartzeko deia egin diete emakumeei, eta izena ematera animatu dituzte, ziur baitaude denek aurkituko dutela euren ezaugarrietara egokitzen den txapelketaren bat, eta esperientziak asko merezi duela.

Ekitaldian bi txapelketen azken fasearen ibilbide orria ere azaldu da. Gomazko paletaren kasuan, finalerdiak Lekunberrin jokatuko dituzte, eta finalak ekainaren 19an izanen dira, Altsasun. Jaialdia Navarra Televisión-ek emanen du.

Esku-pilotari dagokionez, finalerdiak Lizarran eta Vianan jokatuko dituzte, eta finalak maiatzaren 28an jokatuko dituzte Navarra Arena pabiloian. Navarra Televisión-ek zuzenean eskainiko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun