Mikel Albisu da Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteko presidente berria

Ttipi-Ttapa 2022ko otsailaren 23a

Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteko Patxiku Irisarri, Marijose Iparragirre, Mikel Albisu eta Belen Urrutia asteartean Bertizen egindako batzarrean.

2022rako 51.988 euroko aurrekontua onartu du elkarteak otsailaren 22an egindako batzarrean

Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak urteko batzarra egin du astearte honetan Bertizen, 2021eko kontuen balantzea egiteko eta 2022rako aurrekontu berriak onartzeko.

Kontuen balantzea orekatua izan da eta onartutako aurrekontua (51.988 euro) joan den urtekoaren berdintsua izan arren, badu  aurrekoekin alderatuta ñabardura bat. Europar Batasuneko Next Generation funtsek eta Baztan-Bidasoko UGET (Turismo Erakundeak Kudeatzeko Unitatea) sortzeak baldintzatutako aurrekontuak dira. UGETak Hirurteko Plan Turistikoaren baitan lan egitea aurreikusten du. Hortaz, ekintzak plan horretan kontuan har daitezen, beharrezkoa da hiru urteko perspektibarekin planteatzea.

Hiru bloketan banatzen dira Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak Hirurteko Plan Turistikoan aurkeztutako ekintzak: alde batetik Elkarteak burutu beharreko ekintzak; bertzetik, Toki entitateekin (Udalak) batera burutu beharrekoak; eta, azkenik, Nafarroako Gobernuarekin egin beharrekoak, Bertizen aurreikusitako BTT eta Nordic Walking zentroak, erraterako.

Mikel Albisu presidente berria

Urteko Batzarrean Zuzendaritza Batzordea ere berritu du Elkarteak. Mikel Albisuk hartu du Patxiku Irisarrirren lekukoa presidente karguan eta bera izanen da Elkarteko ordezkaria Baztan-Bidasoko UGETeko koordinazio batzordean ere. Patxiku Irisarri izanen da Elkarteko lehendakariordea eta Belen Urrutiak idazkari izaten segituko du. Zuzendaritza Batzordea Eneko Escuderok, Ruben Garatek eta Marijose Iparragirrek osatzen dute.

Elkarteak gauzatu beharreko ekintzen artean dagoeneko finkatuta dauden hainbat proiekturekin aitzinera segitzea onartu dute, hala nola Bisita gidatuen eskuorriaren argitaratzea, Ehiza Jardunaldi Gastronomikoak antolatzea, Zerbitzuen Gida QR kode batekin eguneratzea, Erreserba Zentrala hobetzea, web orria hobetzea edo Oihanean sentitu ekimena garatzea, zuzeneko ipuin kontalariekin ibilbide gidatuak eskainiz.

Baztan-Bidasoa, helmuga turistikoa

Baztan-Bidasoa helmuga turistiko gisa finkatzea Elkartearen erronketako bat da oraindik ere, eta horretarako edukiak sortzen jarraituko du webgunean, sare sozialetan, Facebook-en eta Instagram-en, baita hilabetero bidaltzen duen Newsletter-ean ere.

Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoko kide izan nahi duzu?

Baztan-Bidasoa Turismoak, eskualdea eremu turistiko gisa indartzea du helburu. Egun, elkargoko bazkideak «auzolanean», elkarlanean, bide hori jorratzen ari dira eta bidelagun gehiago izateko, hotel, landetxe, jatetxe, jarduera enpresa eta turismoarekin loturiko establezimendu guztiei kide egiteko gonbidapena luzatu nahi diete. Baztan-Bidasoa Turismoak ateak zabalik ditu kide berriak hartzeko. Interesa izanez gero, 948 59 23 23 telefonora  deitu edo mezua igorri info@baztan-bidasoa.com helbidera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun