Junior kategorian, joan den urtean kadete mailan hamabi garaipen lortu zituen Eneit Bertiz Apezetxea (Sunbilla 2005.02.10) arituko da. Nafarroako Rural Kutxaren Openean, Arazuri eta Zangozako probetan nagusitu zen, bigarren izan zen Caparroson eta Aiegin, eta hirugarren Fiteron eta Deikaztelun. Sailkapen orokorrean bigarren egin zen. Euskadiko Openean sailkapen orokorrean lehena izan zen, Izkue, Errenteria, Irunberri, Aramaio eta Ordiziako lasterketetan irabazi ondotik. Superprestigio lehiaketan ere irabazle izan zen, Arnedon eta Tibin 5. postua, Alacanteko Elda herrian 6. postua eta Lizarran lehenengo postua lortu eta gero. Green Series txapelketan Artxandan eta Zallan irabazle izan zen. Udazkeneko Irekian Villatuerta eta Lukingo probak irabazi zituen eta bigarren izan zen Ororbian. Nafarroako eta Euskadiko txapelketak irabazi zituen eta zortzigarren izan zen Espainiako txapelketan.
Koldo Herrera Urroz (Sunbilla 2003.03.25) jubenil mailan lehiatu zen iaz eta aurten 23 urtez beheitikoan ariko da. 2021ean sei garaipen lortu zituen. Horietatik hiru Diario de Navarra Openean lortu zituen, Oteizan, Lodosan eta Lizarran. Euskadiko Opena irabazi zuen, Ordizian eta Urretxun lehenbizikoa, Izkuen, Errenterian eta Aramaion bigarren eta Irunberrin hirugarren izan ondotik. Green Series txapelketako Bilboko proba ere irabazi zuen. Euskadiko txapelketan txapeldunorde izan zen, laugarren Nafarroako txapelketan eta hamabigarren Espainiakoan.
Aitor Begino Irigoien (Igantzi 1992.01.14) elite mailan lehiatzen da. 2019an denboraldi polita osatu zuen, garaipena lortu baitzuen Lerinen, bigarren postua Urretxun, hirugarrena Balmasedan, laugarrena Aiegin eta hamargarrena Euskadiko txapelketan.
2020an omoplatoa hautsi zuen, baina halere garaipena lortu zuen Errenterian, bigarren eta Nafarroako txapeldun izan zen Lizarran, bigarren Ororbian, bosgarren Arazurin, hamaikagarren Izkuen eta hamargarren Caparroson eta hogeigarren Valladoliden jokatutako Espainiako txapelketan.
Joan den urtean belauneko arazoak izan zituen Beginok eta proba gutti egin zituen. Halere, hirugarren izan zen Gorlizen eta Caparroson, bosgarren Fiteron, hamaikagarren Deikaztelun eta hamargarren Euskadiko txapelketan.
Ibai Ordax Olabe (Doneztebe 1988.08.20) master 30 kategorietan lehiatzen da, BTT maratoi eta ultramaratoietan gehien bat (Pedals de foc, El Soplao, Sellaronda Hero MTB Dolomitas, Gigante de piedra, Valdizarme Xtrem, Tierra Estella Epic). Etapaka egiten diren probetan, bakarka garaipena lortu du Tranpyr proban eta binaka Half Costa Blanca proban. Bertze hainbat probetan atera da eta podiora igo da errelebokako bi probetan: Bartzelona-Donostia (hirugarren) eta Iron Man Half triatloian (hirugarren).
Igor Agesta Agirre da taldeko beteranoena (Sunbilla 1978). Lur orotariko kirolaria da, mendi bizikleta probetan ez ezik, mendiko duatloietan, ultrafondo probetan, mendiko eta asfaltoko lasterketan, eskian edo eskaladan ere lehiatzen baita.
Katea Bike Team taldeak Spiuk enpresaren babesa eta Patxi Vilak zuzentzen duen 360 enpresaren laguntza izanen du txirrindularien prestakuntzarako.