Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako azken finalistak erabaki dira Urnietan

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 21a, 13:00
Urnietako jardunaldian parte hartu zuten kirolariak, aurkezpenean.

Martxoaren 6an Azpeitian gizonezkoen finalean lehiatuko diren Joxean Etxeberria eta Patxi Mindegiarekin batera, emakumezkoen binakako txapelketako finalerako txartela lortu du Nerea Sorondo beratarrak ere

2022ko Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan azken kanporaketa jokatu zuten gizasemeek igandean Urnietan. Ugaitz Mugertza eta Julen Gabirondo izan ziren bizkorrenak eta beraiek lortu dute martxoaren 6an Azpeitian jokatuko den finalerako azken txartela.

Urnietan 23 minutu eta 44 segundo behar izan zituzten Mugertza II.ak eta Gabirondok hamaika enborrak mozteko; bigarren Jon Rekondo leitzarra eta Ibai Soroa izan ziren (24.20) eta hirugarren Eneko Saralegi eta Txomin Amundarain (26.29).

Honela, Mugertza II.a eta Gabirondorekin batera, Zigako Joxean Etxeberria eta Zubietako Patxi Mindegia, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Sugarri Rodriguez eta Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia Basozabal izanen dira finalean ariko diren lau bikoteak.

Emakumezkoen binakako aizkolari txapelketako finakerdia ere jokatu zuten eta Nerea Sorondo beratarra eta Nerea Arruti erraz nagusitu ziren. 13 minutu eta 23 segundo behar izan zituzten sei enborrak mozteko. Laiene Pikabea eta Irati Astondoak 15 minutu eta 38 segundi behar izan zituzten eta bi bikote hauek izanen dira Azpeitiko finalean. Maika Ariztegi iturendarrak eta Claudia Muñozek ez zuten lana akitzerik izan.

Harri-jasotzaileak eta arpanlariak

Zortzi Arroako Hiru Harri Urrezko Harri-jasotze txapelketan Beñat Telleriak 67 jasoaldi egin zituen eta Manex Zubizarretak 37 jasoaldi.

Emakumezkoen jarri-jasotze txapeketan Maria Blancomk 29 jasoaldi egin zituen.

Trontza misto erakustaldia ere egin zuten Urnietan. Garbiñe Lopez de Uraldek eta Jon Lapazaranek 9 minutu eta 22 segundo behar izan zituzten 45 ontzako enborrari 20 epai egiteko eta Maria Iraizozek eta Josetxo Barberenak 10 minutu eta 15 segundo.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun