Bi pilotari leitzar izanen dira Eusko Label binakako txapelketaren finaletan

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 21a, 10:00

Iturriaga leitzarra defentsan, Amurrion jokatutako finalerdietako batean.

Lehen mailan, Iturriaga ariko da Egañarekin bikote eginez, Zelaia eta Lopezen kontra eta promozio mailan Rodriguez, Mondragon II.arekin bikote eginez, Zelaia eta Lopezen kontra

Eusko Label binakako txapelketako finalerdiak jokatu zituzten larunbat arratsaldez Amurrion. Pilotazale aunitz eta giro bikaina izan zuten harmailetan pilotariak gogotik animatzen.

Tentsio handia nabaritu zen kantxan jokatu ziren hiru finalerdietan. Jaialdiari hasiera promozio mailako pilotariek eman zioten. Santossek eta Urrizak ez zuten hutsik egin eta nagusitasunez irabazi zuten partida, 22-10 Mondragon eta Zaldainen kontra. Hala eta guztiz ere tanto lehiatu eta onak ikusteko aukera izan zen lau pilotarien eskutik. Honela, Santos eta Urriza, aurretik finalerako txartela lortua zuten Rodriguez leitzarraren eta Mondragon II.aren kontra jokatuko dute finala .

 

Lehen mailan Iturriaga finalera, Etxekolonea kanpora

Lehen mailako lehen finalerdian Iturriaga leitzarra eta Egaña eta Kortazar-Iraetaren arteko partida markagailuak erakusten duena baina gogorragoa izan zen. 50 minutuko partidan urdinak bikain ekin zioten partidari. Atzean Oihana nagusituz eta aurrean berriz Ainhoa errematean bikain. Gorriek erdira arte defentsa lan handia egin behar izan zuten partiduari eusteko. Erditik aurrera, ordea, partida aldatu egin zen. Iturriagak eta Egañak pilota aldatzea erabaki zuen eta ateratako pilota horrekin min egiten hasi ziren. Uxue atzean sendo eta Iturriaga aurrean asko asmatzen hasi zen. 11-12 galtzen joatetik ia 22rainoko bidea egitea igaro ziren, txapelketa guztian eman duten maila berretsiz. Azkenean 22-12 irabazi zuten Iturriagak eta Egañak.

Lopez pilota astintzen, Mujika izeba eta Etxekolonea zubietarra begira dituela, Eusko Label txapelketako finalerdian.

 

Hirugarren finalerdia ere bete betekoa izan zen. Bikote indartsua osatzen dute Zelaiak eta Lopezek. Biek ikaragarri astintzen dute pilota eta horrelaxe ekin zioten partidari. Mujikak oso atzetik erantzun behar izan zien haien pilotakadei eta aurrean Zelaiak aukerako pilota hartzen zuen. Dena den Etxekolonea zubietarrak defentsan lan handia eginez eta gorrien huts batzuk tarteko, markagailuan alde handirik gabe segitu zuten. Alde handiena 17-12koarekin lortu zuten baina urdinek ez zuten amore eman, Mujikaren bolea ikusgarri bati esker 18-17 ere hurbildu baitziren. Azken txanpan, aldiz, gorriek hobe jokatu zuten eta garaipena lortu zuten.

 

Finalak otsailaren 27an Azkoitian

Honenbertzez, otsailaren 27an, Igandean 12:00etan hasita jokatuko dituzte finalak Azkoitiako Gurea pilotalekuan, EITBk zuzenean emanen duen jaialdian. Promozio mailako finalean Rodriguez leitzarra eta Mondragon, Santos eta Urrizaren kontra ariko dira. Lehen mailako finalean, berriz, Iturriaga leitzarra eta Egaña, Zelaia eta Lopezen kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun