Euskal Herriko sokatira txapelketa mistoa jokatu zen larunbatean Ibarran (Gipuzkoa). Ordura artean jokatutako txapel guztien jabe egina zen Lesakako Beti Gazte (gizasemeen 680, 640 eta 600 kilokoa eta emakumeen 540 kilokoa) baina, joan den urtean gertatu zen bezala, txapelketa mistoan bigarren izan zen, Ibarraren ondotik. Gaztedi talde bizkaitarrak osatu zuen podioa.
Ondotik sailkatu ziren Berriozar laugarren, Txantrea bosgarren, Amaiur seigarren, Abadiño A zazpigarren, Abadiño B zortzigarren eta Antsoain bederatzigarren.
Emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa datorren larunbatean Laukizen
Euskal Herriko sokatira txapelketan bi txapel falta dira emateko eta biak otsailaren 26an, larunbatean 17:00etan erabakiko dira Laukizen (Bizkaia).
Emakumeen 500 kiloko finala jokatuko dute Amaiur, Beti Gazte, Gaztedi, Ibarra, Txantrea eta Abadiño A taldeek. Gizonezkoen pisu arineneko (560 kilo) txapelketa ere erabakiko da egun bakarrean. Hemen Amaiurrek ez du talderik aterako eta Beti Gazterekin batera, Ibarra, Txantrea, Abadiño, Gaztedi, Ñapurrak, Murueta, Goiherri eta Berriozar lehiatuko dira gizasemeen azken txapelaren bila. Bederatzi talde guztira.