Beñat IANTZI eta Aritz ARRIETA, GKS

«Gero eta jende gehiagok sentituko du aldaketa erradikalerako beharra»

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 19a, 08:00
Beñat Iantzi ezkerrean eta Aritz Arrieta eskuinean. Arrieta joan den ikasturtean sartu zen GKSn, eta Iantzik, berriz, ikasturte honen hasieran bat egin du GKSrekin.

Beñat IANTZI eta Aritz ARRIETA GKS Gazte Koordinadora Sozialistako kideak

2019ko otsailean aurkeztu zuten GKS Gasteizen, eta geroztik lanean ari dira, baita eskualdean ere. «Gizartean gertatzen diren mugimenduen gibelean dauden sakoneko arrazoiak ulertu eta mahaigaineratu» nahi dituztela kontatu diote Iantzik eta Arrietak TTIPI-TTAPAri.

Otsailean hiru urte beteko dira Gazte Koordinakunde Sozialista aurkeztu zutenetik. «Gazteen esparrutik kapitalismoak sortzen duen miseriaren aurka borrokatzeko asmoz» hasi zuten ibilbidea, eta geroztik lanean segitzen dute. Eskualdean ere «indartsu» daudela eta «oinarri sendoa» dutela diote Beñat Iantzik (Lesaka, 2000) eta Aritz Arrietak (Elgorriaga, 1998). Burgesian jarri dute arreta, eta «soldaten gelditzea, ongizate-estatuaren gainbehera, estatuaren jarrera totalitarioa edota kontrol soziala...  burgesiaren irabazien errentagarritasuna mantentzeko mekanismoak» direla salatu dute. Kritiko mintzo dira «alderdi politiko guztiekin», baita bertze gazte erakunde batzuekin ere, «alderdi politikoen menpe» ari direlako. Gero eta gehiago direla eta «militanteen konpromiso eta diziplina altua» nabarmendu dute Iantzik eta Arrietak. 

Hiru urte hauen inguruan nolako balorazioa eginen zenukete?
Mugimendu gaztea dela kontuan hartuta, urte guttitan erreferentzia politiko nabarmena lortu du gazte sektorean, Euskal Herrian gehienbat. Kantitatez goranzko joera nabarmena izan du. Kualitatiboki, militanteek planteatzen diren helburuekin duten konpromiso eta diziplina altua azpimarratzekoak dira.

Nola izan zen sortze prozesua?
Hutsetik hasitako proiektua da. Bi faktore dira erabakigarriak. Batetik, Ezker Abertzaleak borrokarako espazio gisa instituzioak hartu izana; eta bertzetik, 2008an hasitako krisia. Honek ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna eragin zuen, bizi dugun mundu honetan etorkizuna marraztea zailduz. Ondorioz, etorkizuna gure gain hartu eta alternatiba sortzearen beharra ikusi zen. Bide horretan, ikasle eta gazte mugimenduan eztabaidak sortzen hasi ziren. Eztabaida horien ondorioz, estrategia berri eta bateratuaren beharra sortu zen. GKS prozesu horren ondorioa da.

Eskualdean nolako indarra du?
Gu Malerreka, Baztan eta Bortzirietan antolatzen gara. Hasi berriak izateko, indartsu gaude. Dagoeneko badugu oinarri sendoa, eta inguruan gero eta interes zabalagoa sumatzen dugu. Antolatzen ditugun ekimenek beti erantzun ona dute. Azpimarratzekoak dira azken bi mobilizazioak. Azaroan Elizondon egin genuen kontzentraziora 70 bat lagun hurbildu ziren, eta urtarrilean Iruñean egin genuen manifestaziora 50 lagunetik goiti hurbildu ginen eskualdetik. Mugimendu gaztea izanik zenbaki adierazgarriak iruditzen zaizkigu. 

Mugimendu sozialistaren barrenean, GKSz gain hainbat egitura daude. Nolako harremana duzue?
Bertzeak bertze, Itaia, Ekida, Gedar kazeta... daude eta mugimendu sozialistaren barrenean gauden guztiok estrategia bateratua dugu, helburu berdinak ditugu. Bakoitza bere esparruan ari den arren, era koordinatuan antolatuak gaude.

«Krisiak, orokorrean, kapitalismoaren funtzionamenduaren berri ematen digu. Burgesiak aberastasuna metatzeko ezintasun konstantea adierazten du»

Sortu berritan 2008ko krisia aipatzen zuen GKSk, eta orain bertze krisi bat...
Krisia berdina da, pandemiak 2008an hasi zena azkartu bertzerik ez du egin. Krisiak, orokorrean, kapitalismoaren funtzionamenduaren berri ematen digu. Burgesiak aberastasuna metatzeko ezintasun konstantea adierazten du. Ondorio sozial zein politikoak ditu eta elkarrekin lotuak daude. Batetik, langileriaren pobretze orokorturanzko fase baten hastapenean kokatzen gaitu, proletarizazioa deitu izan zaiona. Honen adierazle garbiena soldaten gelditzea da. Geroz eta erosmen ahalmen ttikiagoa dugu. Prezioak goiti doaz, gasolina, argia, janaria... Baina soldatak ez dira igotzen. Bertzetik, aitzinekoaren ondorioz sortu den eta sortuko den ezegonkortasun sozialaren jabe da burgesia, eta prestatzen ari da. Ongizate-estatuaren gainbeherarekin, estatua geroz eta forma totalitarioagoa hartzen ari da: askatasun politiko zein zibilak kendu dizkigute. Horren harira, azken albistea Segurtasun Nazionalaren Legea erreformatzeko lege proiektua izan da. Ez hori bakarrik. Gastu militarrerako diru partidak areagotzen dituzte baina bertze esparru guztietan murrizketak egiten dituzte. Funtsean, kontrol soziala areagotzen ari da eta Covid pasea horren adibidea bertzerik ez da. Burgesiak martxan paratzen dituen mekanismoak dira, bere irabazien errentagarritasuna mantentzeko.  

«Alderdi politiko guztien funtzioa seinalatzen dugu»

Alderdi politiko guztiekin kritiko agertu zarete...
Aitzineko galderaren segida da. Aipatutako aldaketak, krisi soziala eta abar, estrukturalak dira: ez daude borondate politiko indibidualen esku. Aldaketak kapitalismoaren garapenaren tendentzia objektiboaren ondorioz gertatzen dira. Alderdi politikoek kapitalismoak garapen efektiboa izateko bakarrik hartzen dituzte neurriak. Adibidez, biztanleriaren jokabidea moldatu edozein neurri onar dezan, beldurraren bidez... Gainera, egin nahi dituzten erreformak egiteko estatuak ez dauka dirurik, defizitarioa da. Beraz, dirua duenak bakarrik egin ditzake; eta kasu honetan estatua finantzatzen duten elite finantzarioek. Estatua ez da entitate neutrala, klase interes jakin batzuk defendatzen ditu, burgesiarenak, hain zuzen. Estatuan eta bere instituzioetan parte hartzen duten alderdiek, funtzio jakin bat betetzen dute; eta funtzio hori burgesiaren eta honek sortzen duen miseria jasaten dutenen artean bake soziala mantentzea da. Espainian, «historiako gobernu progresistena» ari da hori egiten, ezkerreko alderdi politiko aunitzen babesarekin. Garbi utzi nahi dugu kritika politikoa dela eta ez pertsonala. Alderdi politiko guztien funtzioa seinalatzen dugu.

Gazte erakunde batzuekin ere kritiko agertu zarete...
Kritiko agertu garen gazte antolakundeak aipatu ditugun alderdi politikoen menpe daude; sistema kudeatzen duten horien bide beretik doaz. Batzuek «sozialismo» hitza darabilte haien diskurtsoetan. Baina sozialismoa ez da eraikitzen sistemak sortutako miseria kudeatzera mugatzen diren alderdien gidaritzapean. Sozialismoa, hasteko eta oinarrizko printzipio gisa, langileriaren interesak defendatuko dituen antolakuntza independentearekin hasten da, instituzio burgesetatik kanpo. Burgesiak eta patronalak finantzatutako eta gidaturiko instituzioen bitartez, horiek interesak baino ez dira defendatzen, eta ez langileriarenak.

Zer diozue eskualdeko gazteez?
Orokorrean despolitizazio nahiko orokortua dugu, bai gazteen artean, baita helduen artean ere. Horretara bideratu gaituzte. Orain arte soldata onak eskaini dizkigute, eta eroso bizi ahal izan gara. Hala ere, baditugu zailtasunak, eta gero eta handiagoak dira: gurasoen etxetik ateratzea ia pentsaezina da, lanean hasten garenean soldata irrigarriak dira normalean, azken urtean lagunekin elkartzeko espazioa ere kendu digute... Eta joera okerrera izanen da. Aspalditik aipatzen da gure gurasoek baino bizi maila okerragoa izanen dugun lehenbiziko belaunaldia garela, eta hori errealitatea da. Aipatu dugun guztiak hurrengo urte luzeetan bere horretan segituko duenez, gero eta jende gehiagok sentituko du aldaketa erradikalerako beharra. 

«Planteatzen duguna ez da egun bateko matxinada»

Zein erronka dituzue?
Helburua hazten segitzea da. Gizartean gertatzen diren mugimenduen azaleko irakurketa egin ohi da eta gure erronka mugimendu horien gibelean dauden sakoneko arrazoiak ulertu eta mahaigaineratzea da. Planteatzen duguna ez da egun bateko matxinada, baizik eta urte luzez garatzen joanen den prozesua.

Zerbait gaineratuko zenukete?
Gaur egun, komunismoa hagitz gaizki ikusia da, XX. mendeko porroten ondorioz eta horien haritik burgesiaren diskurtsoa nagusi delako. Ez ditugu esperientzia horiek errepikatu nahi; horiei kritika eginez abiatu gara. Bertzetik, krisiek erakusten digute kapitalismoa ez dela gai bere buruaren gainbeherari irtenbidea emateko. Komunismoa oraindik egiteke dagoen eta gainbehera horri irtenbidea emateko gai den prozesua dela ulertzen dugu. 

Azaroan Elizondon Covid ziurtagiriaren kontra GKSk deituta egindako elkarretaratzeko irudia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun