Nafarroako Parlamentuak ezezkoa eman dio hizkuntza eskubideak bermatzeko lanpostuen afera lantzeari

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 18a, 12:00
UEMAko ordezkari gisa Aitor Elexpuru eta Behatokiko Agurne Gaubeka atzo Nafarroako Parlamentuko atarian

«Euskarazko arreta eta tramite guztiak euskaraz egotea» bermatzeko, UEMAk eta Behatokiak «beharrezkoa» ikusten du euskaraz zerbitzuak emateko gaituak dauden lanpostuak ezartzea

Pasa den urtarrilean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Gobernuko edozein tramite egitea edo arreta euskaraz jasotzea «ia ezinezkoa dela» salatu zuen. Izan ere, «herritarrek bide tramiteen %23 soilik egin ahal dituzte euskaraz, udalen kasuan ehunekoa %2,5era jaisten delarik, zerbitzu zentralak eremu mistoan daudelako».

Horren harira, atzo Parlamentuan eztabaidatu zuten Nafarroako Gobernuko Departamentu guztietan euskarazko zerbitzuak jaso ahal izatea, eta alderdiek hurrengoa onartu zuten;

  • Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Gobernuaren beraren eta honen erakunde autonomoetako egoitza elektronikoko edukiak, tramitazioak zein bestelako jarduerak modu integralean euskaraz egin ahal izanen direla bermatzea, helburu hori lortzeko beharrezkoa den plangintza eginez.
  • Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio aurreikus dezan, egoitza elektronikoan tramite zein bestelako eginbideak euskaraz egin ahal izateko, dauden beharren ebaluazio bat egitea Departamentu bakoitzaren hizkuntza planean.

Hala ere, ez dute onartu «herritarrekiko zerbitzu guztietan euskarazko arreta berdintasunean bermatze aldera Departamentu bakoitzaren hizkuntza planean beharrezko lan-postu elebidunak ezartzea». Merezimenduen dekretua herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeari begira erregulatzea «nahitaezkoa eta urgentea» dela adierazi dute UEMAk eta Behatokiak, «garaiz gabiltza aurkeztu den zirriborro hori atzera botatzeko».

Honez gain, Nafarroako herritar guztiei dei egin diete «beraien eskubideak aldarrikatu eta zerbitzu eta tramite guztiak euskaraz egin ahal izatea eskatu dezaten, eta hala bermatzen ez zaienean, Hizkuntza Eskubideen Behatokira jo dezaten urraketa kasu bakoitza dokumentatze aldera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun