EHNE, UAGN eta UCAN sindikatuek dei egin diete nekazari guztiei eta gizarteari, oro har, nezkazarien greban parte hartzeko, martxoaren 3an, ortzeguna, Iruñean antolatu duten manifestaziora joateko. «Nekazari eta abeltzain guztiei, gure produktuak ekoiztu eta merkaturatzen dituzten kooperatiba eta kontserbagileei, gure makinen mantentze lanak egiten dituzten lantegi eta enpresei, gure animaliak zaintzen dituzten albaitariei, pentsua egiten duten enpresei eta kudeaketa ekonomikoa errazten diguten aholkularitzei, azken batean, inguruan lan egiten duten guztiei» egin diete deia.
«Gure lanbidearekiko errespetua» eskatzeko bildu dira nekazarien sindikatuak. Gizartea kalitatezko produktuekin eta elikagaien segurtasun osoarekin elikatzeko gai izanik, eta ingurunea ahalik eta gehien errespetatzen saiatuz, zailtasun ugari ditugu, eta botere publikoa ez da gai izan horiei modu erabakigarrian heltzeko, eta beraz, ez diote konponbiderik eman. Gure ustiategietako errentagarritasun faltak eta elikatze-katearen legea ez betetzeak, merkatuan egotea eragozten digute, desagertzera bultzatzen gaituzte eta, beraz, gizartearentzat ezinbertzekoa den jarduera uztera behartzen gaituzte, ekoizpen-kostuek ito egiten gaituztenean».
Kontsumitzaileei ere deia
Beraiek ere kontsumitzaile izanik nekazariek kontsumitzaileei ere dei egiten diete, «haiek gabe gure existentzia ez litzateke posible izanen, eta haien esku dago, erosketa-saskiaren bidez, etorkizunean ekonomiari, ingurumenari eta demografiari dagokienez iraunkorra izanen den nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorea finkatzea. Mobilizazio honetan egotea ezinbestekoa da helburu hori lortzeko».
Mobilizazio hau, 2019an hasi eta pandemiaren ondorioz errotik moztu ziren mobilizazioetan kokatu behar da. «Pandemia horretan, gainera, atsedenik gabe aritu ginen lanean, egun haietan funtsezkoak ginelako eta funtsezkoak garela aldarrikatzen jarraitzen dugulako» diote sindikatuek.
Joan den urtean, Nekazaritzako Erakunde Profesionalek hainbat protesta-ekintza egin dituzte elkarrekin gai sektorialekin, eta horren ondorioz, manifestazio orokor bat eginen dute datorren martxoaren 20an Madrilen, eta horrekin bat eginen dute. Mobilizazio horretan landa eremuarentzako errespetua eskatuko da.
Landa ingurunearen egoera ez dela batere xamurra uste dute eta joera irauli behar dela. «Landa eremuko aktiboen galera errealitate bat da –diote–, eta ekoizpen kostuen azpizko prezioak zailtasun erantsi bat dakar gazteak nekazaritza eta abeltzaintza sektorean sartzeko. NPB eskasa hau, landa eremuko emakumeen eta gizonen errentari eragiten dioten arazo nagusiak konpontzen saiatzen da, eta bidenabar, erosketa saskiaren prezioa arintzen ere bai, gizarte iraultzarik gerta ez dadin. Honekin batera egungo politika publikoek landa ingurunetik urrun dagoen hiri ikuspegia dute, eta zerbitzu publiko zein pribatuen hutsuneak, herrien hustutze arriskua larri areagotzen ari dira»
«Ingurumenaren benetako zaintzaile eta kontserbatzailea gara»
Nolanahi ere, Nafarroako azaleraren % 90 kudeatzen ari direla, eta ingurumenaren benetako zaintzaile eta kontserbatzaile direla gogoratu dute. «Landa inguruneko eragileok, hiri eta landa eremuen arteko beharrezko bizikidetza eta errespetua eskatzen dugu, non, politikak herritar guztien beharretara egokituko diren. Ezin ditugu ingurumena eta kontserbazioa, utzikeria eta debekuekin nahasi, edo erronka demografikoa, despopulazioarekin, edo maskotak gure lanerako animali eta abereekin. Legeak egiteko orduan, politikariek landa gunearekiko ikuspegi soziala ahaztu gabe eta begirunez jokatzeko» eskatu dute, «zoritxarrez orain ez bezala».
«Gure lanarekiko gehiegizko lege neurriak, batzuetan laidogarriak ere bai, edo administrazioek ehiza kudeaketa bezalako arazoak konpontzeko duten utzikeria, edo agroseguroen jokaera lotsagarria beti nekazarion errentaren kalterako, edo abeltzain eta nekazari profesionalak babesteko nekazaritza politika bateratuaren porrota, edo gure produktuen kalitateari erasoak, badira nahikoa arrazoi beste behin ere ahotsa altxatzeko», nekazari eta abeltzainen sindikatuen erranetan. «Gizarteari eta kontsumitzaileei gure arazoei erantzuten ez dien eta gainera ingurumena zainduz elikagai onak eskaintzeko gure konpromezua zapuzten duen nekazaritza politika honekin, asko jokatzen ari garela» jakinarazi nahi diete.
Honengatik guztiagatik, gazteak landa eremuetatik urruntzen ari direla uste dute, jarduera sozial eta ekonomikoa herri askotan desagertzen ari da, «eta herrien hustutze joera hau, nekazaritza eta elikadura sektorerik gabe ezin izanen dugu irauli. Landa munduarekiko arrakala eten behar dugu, nekazari eta abeltzainak lagundu behar ditugu», diote EHNE, UAGN eta UCAN sindikatuek.