Lehen partidua oreka handikoa izan zen. Etxekolonea zubietarrak eta Mujikak, Iturzaeta eta Azpeitia zituzten arerio. Hasiera hobea eman zioten gorriek pilotalekura hobeto egokituz. Baina urdinak berotu ahala partidua orekatzen joan zen, batez ere Iturzaetak aurrean arriskatuz lortutako tanto ederrei esker. 15-18 hurbiltzea ere lortu zuten baina orduan berriz ere Mujikaren sendotasuna erabakigarria izan zen, zabalean luze jarritako pilotakada bikain bat tarteko. Amaieran beraz, Etxekolonea-Mujika garaile finalerdietarako txartela eskuratuz.
Bigarren partiduan azken orduko aldaketa egon zen gibeleko koadroetan. Ezeizak ezin izan zuen partidua jokatu eta bere ordez Iraetak jokatu zuen. Beraz, Iantzi beratarrak eta Etxenikek, Kortazar eta Iraeta izan zituzten parez pare. Partida guztian zehar jokoan nahiz markagailuan erabateko oreka izan zen. Gorriak serio sartu ziren partidan eta kosta egin zitzaien hasieran urdinei sendotasun horretan arrakala eragitea. Partidu erditik aitzinera, aldiz, bidea topatu zuten Ainhoaren sake zitalak eta Oihanaren defentsa lan ederrak gidatuta. Partidu guztian gibeletik joan ondotik 17na berdintzea lortu zuten eta azken tanto luze eta gogorrak urdinen aldera erori ziren.
Amurrion finalerdiak datorren larunbatean
Honenbertzez, erabakita daude Amurrion datorren larunbatean jokatuko diren finalerdiak. Lehen mailan, Iturriaga leitzarra eta Egaña, Kortazar eta Iraetaren kontra ariko dira eta Zelaia eta Lopez, Etxekolonea zubietarraren eta Mujikaren kontra. Promozio mailan: Santos eta Urriza, Mondragon eta Zaldain en kontra ariko dira.