Beti Gazteko gizonezkoen sokatira taldeak 600 kiloko Euskal Herriko txapela ere jantzi du

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 14a, 11:00

Beti Gazteko sokatira taldea, gizonezkoak 600 kioko txapela lortu eta emakumeak 500 kiloko finalerako txartela lortu ondotik larunbatean Pobesen.

Beti Gazte eta Amaiurko emakumeek 500 kiloko finalerako txartela lortu dute

Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketan gizasemeen 600 kiloko kategoriako finala jokatu dute otsailaren 12an, larunbat arratsaldean Pobesen (Araba). 680 eta 640 kiloko kategorian txapeldun izan ondotik, 600 kilokoan ere txapeldun suertatu da Lesakako Beti Gazte taldea, finaleko tiraldi guztiak irabazita. Lesakarren ondotik, bigarren izan zen Gaztedi, hirugarren Ibarra, laugarren Ñapurrak, bosgarren Goiherri eta seigarren Amaiur.

Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Karmelo Mitxelena, Oskar Telletxea, Unai Gurrutxaga, Guy Larralde (Ezpeleta), Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Iñigo Altzugarai eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Paskual Taberna entrenatzaile eta Julen Palenzuela laguntzaile zutela.

 

Beti Gazte eta Amaiur, 500 kiloko emakumeen finalera

Emakumeek 500 kiloko kategoriako bigarren jardunaldia ere jokatu zuten Pobesen eta bertan erabaki zen otsailaren 26an Laukizen (Bizkaia) jokatuko den finalerako seikotea. Lehen jardunaldian bezala, Beti Gazte nagusitu zen tiraldi guztietan. Lesakako taldearekin batera, Amaiurkok ere lortu zuen finalerako txartela, baita Gaztedi, Ibarra, Txantrea eta Abadiño A taldeek ere.

Beti Gazteko emakumeak tiran larunbatean Pobesen.

Txapelketa mistoa otsailaren 19an Ibarran

Hori baino lehen, otsailaren 19an Ibarran txapelketa mistoa jokatuko dute, 580 kiloko kategorian. Otsailaren 26an Laukizen, emakumezkoen 500 kiloko finalaz gain, gizonezkoen 560 kiloko txapelketa ere jokatuko dute egun bakarrean, Euskal Herriko txapelketa bukatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!