Jean Michel Olaizola

Landareen eta ingurumenaren zainketa

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 12a, 08:00

Baionako Lafitte lorezaintza enpresako Jean Michel Olaizolarekin izan gara, eta enpresaren historia eta bilakaera izan ditu hizpide. Gainera, Euskal Herriko landarediaz aritu gara eta hainbat aholku eman dizkigu gure landareak eta ingurumena zaintzeko.

Historia luzeko enpresa

30eko hamarkadan hasi zen Lafitteren ibilbidea, «Lekorneko Germain Lafitte laborariaren mintegiarekin». Garai hartan, hemengo gaztainondoak gaixotasun batengatik hiltzen ari ziren, eta bi misiolarik Japoniako gaztainak ekarri zituzten. Lafittek, gaztainondo japoniarra hemengora txertatzean, honek gaitza hartzen ez zuela ikusi zuen. Lan horretan hasi zen eta pixkanaka mintegia muntatu zuen.

1989an aldaketa handia izan zuen enpresak; «hiriak handitzen hasi ziren, gero eta jende gehiago zuten, eta urrun gelditzen ari zen mintegia Lekornen. Horregatik, Baionako denda hau ireki zuten. Orduan gehitu zituzten tresnak, haziak, lurrustelak… denak baratzearen inguruan». Pixkanaka handituz joan zen enpresa, «4-5 langile hasi ziren eta orain 26 gara», eta eskaintza ere aunitz zabaldu dute; «dekorazioko artikuluak, kanpoko etzaulki eta hamakak, maskoten zona… hurbileko produkzioa eskaintzen saiatzen gara beti, kanpotik ekarri beharrean». Bezeroak laguntzeko aholkularitza zerbitzua ere badute. «Hurbil egon nahi dugu, bai bezeroengandik, baita hornitzaileengandik ere».

Mantentze-lanen garaia

Landareen zainketari dagokionez, fruitu-landareak inausteko sasoia da otsaila, «hotza egin badu ere haize hegoa hastean fite piztuko baitira, eta hobe da inaustea fruituak errazago emateko». Zuhaitzak landatzeko garaia ere bada; sagarra, udarea, gerezia, arana, intxaurra, gaztaina eta pikua, bertzeak bertze, «udaberrian piztean erroak eginak izateko». Baratze ttikia dutenendako aukera ona izan daiteke masusta gorria, marrubia edota andere-mahats beltza.

Zurtoinetan gisua eman behar da orain, «ahulduta dauden mamorroak hiltzeko, udaberrian umeak egiten hasi baino lehen». Baratzean ongarria emateko unea ere bada, «eta lurrean gisua ematen ahal da pixka bat arintzeko». Honez gain, soroak garbitzeko garai aproposa da, «hezetasunarekin goroldio aunitz agertzen baita, eta hau kentzen bada udaberrian belar berdea aterako da».

Hotzari aurre eginez

Egun hotzak utzi dizkigu urtarrilak, eta landareak hormatik babestea komeni da. «Platerak ez dira loreontzien azpian utzi behar, neguan landareek ez dute hainbertze ur behar eta hezetasuna edo ura baldin badute bertan, arriskua dago hormatu eta landarean hondamenak egiteko». Landare sentsibleetan, zitrikoetan adibidez, «gomendagarria da oihal bat paratzea hostoen gainetik, eta pareta baten kontra edo balkoi baten azpian paratzea eguraldi txarretik, hotzetik eta haizetik babesteko». Hotz arriskua akitzean, «otsail erditsutik aitzinera, oihala kendu eta puntak moztu behar dira, landarea berpizteko eta loreak ateratzeko».

Gaztainondoa

Lafitten landareren bat nabarmentzekotan, gaztainondoa da garrantzitsuena, eta «japoniarrak hainbat abantaila ditu». Alde batetik, «gaitzen kontra hoberena da, bertzeak bertze Tintaren kontra, landarea ihartu eta beltza uzten duena». Bertzalde, «pinuarekin arazoak izan dituzte EAEn, adibidez, eta eukaliptoak landatu nahi dituzte egurra azkar eta erraz ematen duelako. Baina ekologikoki katastrofe bat da hori; hemengo landarea ez delako, lurra aunitz nekatzen duelako eta su erraz hartzen duelako. Hortaz, bertze zuhaitzak landatzeko sentsibilizazio kanpainak abiatu dituzte, haien artean gaztainondoa». Izan ere, «gaztainak duen gaitz makurrena da ahaztu dugula. Gure kulturan galtzen ari da, eta edozein gaitz baino makurragoa da interes eza».

Kanpoko espezieen inbasioa

Espezie exotiko batzuk ingurumenerako kaltegarriak izan daitezke. «Beti izan dugu ohitura munduan zehar ibiltzeko eta espeziak leku batetik bertzera eramateko, baina hemen nola moldatzen diren ikusi behar da. Eukaliptoak, adibidez, lurra aunitz hondatzen du, ekonomikoki ona da baina ekologikoki ez. Panpa-lezka izeneko bertze landare bat, luma itxurako loreak dituena, aski kaltegarria da eta debekatuta dago, haziak alde guzietara botatzen baititu. Horrelako hainbat kasu daude; budleia, japoniar piper-belarra… kaltegarriak direnak».

Arazoak saihesteko, beharrezkoa da jendea informatzea, espezie hauek identifikatzen jakitea eta batez ere «gure etxeari eta auzokoen baratzeari zer komeni zaion jakitea, eta horretarako ingurura begiratu behar dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun