Erreleboa errazteko asmoz, Cedernak negozioaren azterketa bat eskaintzen du, bi ikuspuntu landuz: jardueraren arduradunarena batetik, eta jarduera hartu nahi duenarena bertzetik. Elkarteak espero du negozioaren baldintzak zenbaki errealekin ezagutzeak, bi aldeen arteko negoziazioa eta erreleboa erraztuko dituela.
Gainera, Cederna Garalurrek errelebo guztien artean hiru kasu hautatzea aurreikusi du, eta horiei marketin eta komunikazioko prestakuntza osagarria eskainiko zaie.
Bertzalde, bi aldeen arteko harremana errazteko, Elkarteak Nafarroako Mendialdeko hainbat tokitan erreleboa behar duten negozioak aurkezteko hainbat jardunaldi antolatuko ditu. Jardunaldiei itxiera emateko Nafarroako ekintzaile guztiei zuzendutako jardunaldi nagusi bat eginen dute.
Ekintza horien bidez, Elkarteak landa-eremuko negozio txikien itxiera geldiarazten lagundu nahi du, haien bideragarritasun ekonomikoa eta bezeroekin sortzen den hurbiltasuna eta konfiantza azpimarratuz. Izan ere, Cederna Garalurrek azpimarratzen duen bezala, «arduradunen zahartzeak, familia-erreleborik ezak, kontsumo-ohituren aldaketak, eta merkataritza-zentroen edo market place-en lehiak, bertzeak bertze, arriskuan jartzen dituzte landa-eremuko negozio txikiak. Negozio txikien desagertzearekin batera, zerbitzuez eta lanez gain, bizitza eta alaitasuna ere desagertzen dira gure herrietan».
Ekintza horiek Cederna Garalurrek sustatutako Hartu Lekukoak-Relevo Generacional proiektuaren parte dira, eta Nafarroako Gobernuak eta Europako LGENF funtsek finantzatzen dituzte, 2014-2020 aldirako LGP Programaren bidez.