Zer egin behar da?
Hiru urrats erraz hauek eman behar dira:
- Joan bizi zaren herriko Erregistro Zibil edo Bake Epaitegira eta erran abizenak euskaraz paratu nahi dituzula.
- Eraman agiri hauek:
- NAN originala eta haren fotokopia:
- Gurasoen NANaren fotokopia, adinez nagusia ez bazara.
- Seme-alaben NANaren fotokopia, 16 urtetik gorako seme-alabak badituzu.
- Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria: Bizi zaren herri berean inskribatuta ez bazaude.
- Errolda-agiria. Adinez nagusia ez bazara, gurasoena ere bai.
- Familia-liburua eta haren fotokopia: Ezkonduta bazaude edo/eta seme-alabarik baduzu.
- Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian emanen dizuten eskaera orria zure datuekin bete.
Tramitazioa bukatu ondotik Nortasun Agiria eta gainerako dokumentazioa berritzen ahalko duzu.
Irazoqui, Urquiola, Goicoechea, Echenique, Echeverria… Zure abizena horietako bat da? Zenbat aldiz pentsatu duzu abizena euskaratu beharko zenukeela?
Nola idazten da zure abizena euskaraz?
Normalean abizena aldatzeko eskaera egiten den bake epaitegiko edo erregistro zibileko arduradunak Euskaltzaindiak onartutako zerrendan eginen du kontsulta eta horko irizpideei jarraituko die. Baina ez da beti horrela: adibidez, Euskaltzaindiaren zerrendan Muxika agertzen da baina zenbait kasutan forma desberdinak onartu izan dira (Muxika, Mujika…). Zalantza izanez gero, norberak Euskaltzaindian bertan egin dezake kontsulta. Webgunean sartuz gero (euskaltzaindia.eus), hizkuntza baliabideen atalean klikatu eta deituren atalera jo behar da.