Agate bezperan kantari aterako dira eskualdeko hainbat herritan

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 3a, 15:00

Joan den urteko geldialdiaren ondotik karrikara aterako dira Tantirumairu ikastolako ikasleak.

Areson eta Leitzan ostiral arratsaldez aterako dira eta Lesakako Tantirumairu ikastolako eta Baztan Ikastolako ikasleak goizean Elizondon karrikaz karrika ibiliko dira eta Berako Labiagakoek ikasgelen barrenean eginen dute

Agate bezpera. Santa Ageda bezpera izanen da otsailaren 4a eta azken urteetako ohiturari eutsiz (iaz ikastetxeetan ez zuten egin), kantari aterako dira Areso eta Leitzako kaleetan. Goizuetan, aldiz, aurten ez ateratzea erabaki dtute. Lesakako Tantirumairu ikastolako ikasleek kalejira eginen dute goizean eta Berako Labiagakoek ikasgelen barrenean eginen dute ospakizuna.

Leitzan eta Areson

Leitzan, ostiralean 18:30ean, helduen txanda izanen da,  ALKE kultur taldeak antolatuta plazatik kalejiran aterako dira bertsolariek eta musikariek lagunduta. Makil kolpeen erritmoan, kopla zaharrak abestuko dituzte eta kalejira eginen dute, Agiragirandoa.

Areson, Guraso Elkarteak antolatuta, ostiralean 18:30ean aterako dira eskolako neska-mutikoak kalez kale kantari. Kopla zaharrez gain bertso berriak ere idatzi dituzte eta horregatik, herritarrei atarietara ateratzea eskatu nahi diete.

Tantirumairu eta Baztan ikastoletakoak karrikara, Labiagakoak ikasgelan

Lesakako Tantirumairu ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleak ere aterako dira ortzirale goizeko 10:15ean, karrikak kantuz eta musikaz alaituz. Baztan ikastolan 11:00 aldera sektoreka aterako dira, hemen ere segurtasun neurriak eta distantziak errespetatuz. Baztan berrira joanen da talde bat, bertze talde bat Jaime Urrutia karrikatik, bertze bat Santiago karrikatik eta bertzea Braulio Iriartetik. Labiaga ikastolako ikasleek, aldiz, ikasgelan eginen dute ospakizuna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun