Ireki dute Salto! udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuetan izena emateko epea

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 2a, 18:00

Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea da topaketaren helburuetako bat.

Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuen helburua.

Ekainaren 27tik uztailaren 3ra izango da aurten udaleku ibiltaria, eta bi zutabetan abiatuko dira: Tolosatik aterako da zutabeetako bat  eta Etxarri Aranaztik bestea. Hiru egunez bakoitzak bere bidea egin ondotik, laugarren egunean Leitzan elkartuko dira bi zutabeak, eta azken egunak batera emanen dituzte. 

Zazpi egunetan herriz herriko ibilaldiez gain kultur ekitaldiak, tailerrak eta solasaldiak izanen dituzte, eta euskaldun gisa kontzentziatzeko, indartzeko eta ahaduntzeko gunea izanen da. 

2004 eta 2007 urteen artean jaiotako gazteek ematen ahal dute izena martxoaren 31 baino lehen. Izena emateko hiru modu daude: esteka honetan sartzea, 943 816 699 telefonora deitzea, edota inskripzio datuak hezkuntza@uema.eus helbidera bidaltzea. 

Begiraleak eta sukaldariak behar dituzte

UEMAk antolatutako udaleku ibiltarian gazteekin lan egiteko aisialdiko begiraleak eta sukaldariak behar dituzte. Interesa dutenek curriculuma arnasguneak@uema.eus helbidera bidal dezakete martxoaren 4a baino lehen. 

Begirale titulua izatea, EGA edo baliokidea, hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izatea, antzeko lanetan ibilia izatea, euskararekiko sentsibilizazioa eta taldean lan egiteko erraztasuna baloratuko dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun