Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketako jardunaldia jokatu zuten larunbat arratsaldean Bakion (Bizkaia). Emakumezkoen 540 kiloko kategorian hirugarren jardunaldi erabakigarria izan zen eta Beti Gazteko taldeak ez zuen hutsik egin: tiraldi guztiak irabazi eta txapela jantzi zuen. Bigarren Gaztedi izan zen eta podioko hirugarren koskara Ibarra igo zen. Ondotik sailkatu ziren Badaiotz, Abadiño A eta Abadiño B. Argazkiak: Potronko.
Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Amaia Leiza, Ainhoa Etxegarai (beratarra), Udane Arbelaitz (oiartzuarra), Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Ubiria, Maddalen Lopez eta Maria Iantzi (igantziarra) aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzailea eta Arritxu Muxika laguntzaile zutela.
Gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldian Beti Gazte hirugarren eta Amaiur seigarren
Emakumeez gain, gizasemeen 600 kiloko kategoriako lehen jardunaldia ere jokatu zuten. Beti Gaztek lortu ditu orain arteko bi txapelak, 680 eta 640 kilokoa, baina 600 kiloko lehen jardunaldian hirugarren izan zen, Gaztedi eta Goiherri talde bizkaitarren gibeletik, eta Amaiur seigarren.
Sailkapena honela gelditu zen:
- Gaztedi, 11 puntu
- Goiherri, 10 puntu
- Beti Gazte, 9 puntu
- Ibarra, 8 puntu
- Ñapurrak, 7 puntu
- Amaiur, 6 puntu
- Txantrea, 5 puntu
- Zuraide, 4 puntu
- Berriozar, 3 puntu
- Abadiño, 2 puntu
- Antsoain, 1 puntu
Halere, aipatzekoa da Bakion larunbatean eta datorren larunbatean Erandion jokatuko den bigarren jardunaldietako puntuak batuta sei talde onenak ariko dira otsailaren 12an Pobesen jokatuko den finalean. Beraz, oraingoz, finalera sailkatzeko bide onean daude bai lesakarrak, baita amaiurtarrak ere. Datorren larunbatean Erandion emakumeen 500 kiloko lehen jardunaldia ere jokatuko dute.