Jardunaldi aldaketa erabakitzeko gehiengo soila nahikoa izatea eskatu dute Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola publikoetako gurasoek

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 28a, 16:30

Sinadura biltzeko kanpainan 2.000 familia baino gehiagok parte hartu dute

Pandemiak eragindako konfinamenduaren ondotik, eskola presentzialetara bueltatzean, Nafarroako ikastetxe guztietan jardunaldi jarraitua ezarri zen. Horrek «aldaketa handiak ekarri zituen jardunaldiak antolatzeko moduan eta jantokien eta eskolaz kanpoko jardueren funtzionamenduan».

Haur eta Lehen Hezkuntzako hainbat familien ustez, «nahiz eta lan ordutegiak bateratzea erraza ez izan, gure seme-alaben bizi kalitatea hobetu egin da». Antolaketa berriak «eragin positiboa» izan duela adierazi dute, «haurrek denbora gehiago baitute atsedenerako, aisialdirako eta eskolako zein eskolaz kanpoko jardueretarako».

Joan den urteko azaroan eta abenduan Nafarroako 71 ikastetxetan bozketa prozesuak egin zituzten, 2022-2023ko ikasturteari begira ikasle, irakasle eta gurasoek jardunaldi mota berria zehazteko. 53 ikastetxetan prozesuak araututako gehiengo kualifikatuetara (errolda osoaren %60a) ailegatzea lortu zuten eta jardunaldi jarraitura igaroko dira. 16 ikastetxetan, aldiz, «nahiz eta boto emaileen gehiengo zabala lortu (botoen %50a baino gehiago), ez da posible izango aldaketarik gauzatzea, prozedura arautzaileak ez baitu kontuan hartzen jardunaldi aldaketaren alde dauden familien gehiengoaren ahotsik. Jardunaldi jarraituak funtsezkoak diren lau eskubide bermatzea lortzen duela argi dugu: hezkuntza, atsedena, jolasa eta familia».

Bozketa formatuarekin «sumindurik» dauden gurasoek sinadura kanpaina abiatu dute eta 2000 familiak baino gehiagok parte hartu dute. Klaustroaren %60a, Eskola Kontseiluaren %66,6a eta familien %60a behar du prozedura arautzaileak gehiengoa emateko, eta hori aldatu nahi dute. «Gure helburua, hezkuntza komunitatearen gehiengoak erabaki ahal izan dezan, kontuan hartu beharrekoa ematen diren boto kopuruaren arabera arautzea litzateke, eta ez orain artea bezala, bozka errolda osoaren arabera».

Adierazi dutenez, «ez dugu ulertzen ikastetxe batzuetan, familien partaidetza-portzentaia %85ekoa baina handiagoa izan arren eta aldeko botoak kontrakoen bikoitzak izan arren aldaketarik egin ahal ez izatea. Ez da bidezkoa prozeduraren ondorioz familien gehiengoak nahi ez duen jardunaldi mota mantendu beharra, gutxiengo batek gehiengoaren aukera zigortzen baitu».

«Aukera guztiak aintzat hartuko dituen» bozketa prozedura berri bat «premiazkoa» dela azpimarratu dute, emaitzak «emandako boto guztien gehiengo soilean oinarrituz, eta ez orain arte bezala, errolda osoaren %60aren arabera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun