Irache kontsumitzaileen elkarteak ohartarazi du kontsumo-ondasun guztiek, mugikorrek ere, hiru urteko bermea dutela urtarrilaren 1etik

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 30a, 09:00

Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak ohartarazi du urtarrilaren 1etik aurrera erosten ditugun kontsumo-ondasun guztiek hiru urteko bermea dutela, orain arte zituzten bi urteen aldean. Epeen zabaltze honek produktu berri guztiei eragiten die, telefono mugikorrei barne.

Konponketak dohainik

Horrek erran nahi du erosketaren ondoko hiru urteetan kontsumitzaileak eragin ez duen edozein matxura doan konpondu beharko duela saltzaileak. Konparaziora, ontzi-garbigailu bat erosten badut eta lehen hiru urteetan garbiketa-programetako bat ez badabil ongi, saltzaileak dohainik konpondu beharko du: ezin izanen dio kobratu kontsumitzaileari ez etxera joateagatik, ez eskulanagatik, ez erabilitako ordezko piezengatik.

Erosi eta bi urteko epean, akatsa artikulua erosi zen momentutik datorrela ulertuko da

Gainera, ondasuna entregatu eta hurrengo bi urteetan, akatsa edo matxuraren arrazoia hasiera beretik datorrela ulertuko da. Saltzaileak (edo, hala badagokio, fabrikatzaileak) frogatu beharko du salmentaren unean ez zegoela akatsik, eta gerora gaizki erabili izanaren ondorio dela erreklamatzen den matxura. Lehen, epe hori sei hilabetekoa zen.

Aldaketa hau garrantzia handikoa da. Kontuan izan behar da, presuntzio-epea igaro ondotik, kontsumitzaileak frogatu beharko duela akatsa salmenta-unetik datorrela. Horrek nabarmen zailtzen du saltzailea arazoaz arduratzea, kontsumitzailea behartu baitezake akatsa jatorritik zetorrela frogatzen duen txosten bat eskatzera.

Horrela, orain arte ohikoa zen, erosketa egin eta lehenengo sei hilabeteak igaro ondotik, telefono mugikorra huts egiten hasten bazen eta bezeroak dendara eramaten bazuen, saltzaileak erratea erosleak eragindako arazo bat zela (kolperen batengatik, bustitzeagatik edo bertze arrazoiren batengatik) eta haiek ez zirela arduratuko. Horren ondorioz, kontsumitzaileak, oro har, konponketa ordaindu behar izaten zuen. Hemendik aitzinera, lehenengo bi urteetan ulertuko da da akatsa telefonoan zegoela hasieratik, eta saltzaileak bere gain hartu beharko du, salbu eta kaltea erosketaren ondotik gertatu dela ziurtatzen duen txosten bat egiten badu.

Bigarren eskukoetan, epea urte batera murriztu daiteke

Kontuan izan behar da orain arte adierazitako epeak produktu berriei buruzkoak direla beti. Bigarren eskuko artikulu bat baldin bada, epeak alda daitezke: printzipioz berberak diren arren, saltzaileak eta erosleak berme-denbora murriztea adostu dezakete, eta hori bai, gutienez urtebetekoa izan beharko da.

Akatsa salmentatik datorrela uste izateko epea ere ezingo da urtebete baino laburragoa izan.

Horregatik, hemendik aitzinera kontzesionario bati bigarren eskuko auto bat erosten badiot eta kontratuan bermea urtebetekoa dela jasotzen bada, epe horretan sortzen diren matxurak autoa saldu zenean ere bazirela ulertuko da. Horregatik, saltzaileak bere kontura konpondu beharko du, salbu eta txosten batek berariaz adierazten badu akatsa ez zegoela erosketa egin zenean.

Garrantzitsua da kontuan hartzea berme-epearen murrizketa erosketa kontratuan jasota egon beharko dela; hala ez bada, produktu berri baten berme-epe berberak izanen ditu.

Preskripzioa bortz urtera

Matxura gertatu zenetik bortz urte igaro badira eta erosleak jakinarazi ez badu, erreklamatzeko eskubidea galduko du. Nolanahi ere, oso garrantzitsua da kontsumitzaileak adostasunik eza detektatu bezain laster agerraraztea.

Berme bidezko konponketaren ondorengo urtean, egindako konponketarekin sortzen den edozein arazori erantzun beharko dio enpresaburuak.

Kontsumitzaileak berme-egoeran dagoen arazo batengatik ondasun bat entregatzen duenean, saltzaileak entregaren data eta arrazoia egiaztatzen dituen dokumentu bat eman beharko dio. Era berean, produktua itzultzeko data eta egindako konponketa adierazten dituen bertze dokumentu bat eman beharko du.

 

Ondasun eta zerbitzu digitalen etengabeko hornidura kasuetan, bermea kontratuak duen iraupenaren parekoa izanen da

Epe jakin batean etengabe hornitzen diren ondasun edo zerbitzu digitalen kasuan, enpresaria izanen da edozein desadostasunen erantzulea kontratua indarrean dagoen bitartean. Hala ere, kontratuak ezartzen badu eduki edo zerbitzu digitalen etengabeko hornidura hiru urtetik beherako epe batean, erantzukizun-epea hiru urtekoa izanen da.

Ekitaldi bakarrean (edo banakako egintza batzuetan) emandako eduki edo zerbitzu digitalen kasuan, bermea bi urtekoa da.

 

Ordezko piezen eta zerbitzu teknikoen kasuan hamar urte

Bermeen zabaltze hori ordezko piezen eta konponketa-zerbitzu teknikoen epeak luzatzearen eskutik dator. 2022tik aitzinera, fabrikatzaileek zerbitzu tekniko egokia eta ordezko piezak egonen direla bermatu behar dute, gutienez hamar urteko epean, produktua fabrikatzeari uzten zaion egunetik zenbatzen hasita. Horrela, nire garbigailu-eredua 2025ean ez bada egiten, 2035era arte fabrikatzaileak bermatu beharko luke zerbitzu tekniko egokia egonen dela, baita konponketak egiteko ordezko piezak ere. Lehen, kasu hauetan berme-epea bortz urtekoa zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun