Urtarrilaren 29an, larunbatean 17:00etan hasita jokatuko dute Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketako jardunaldia Bakion (Bizkaia). Emakumezkoen 540 kiloko kategorian hirugarren jardunaldi erabakigarria izanen da. Beti Gazteko emakumeek txapela janzteko aukera izanen dute, puntu bateko aldea ateratzen baitiote oraingoz sailkapenean Gaztediri. Bi talde hauen artean izanen da seguruenik txapela. Ibarra, Badaiotz, Abadiño A eta Abadiño B ere ariko dira lehian.
Gizonezkoak 600 kilotan
Emakumeez gain, gizasemeen 600 kiloko kategoriako lehen jardunaldia ere jokatuko dute. Beti Gaztek lortu ditu orain arteko bi txapelak, 680 eta 640 kilokoa eta bide beretik segitu nahiko dute lesakarrek. Beraiekin batera, Amaiur, Ibarra, Txantrea, Abadiño A, Abadiño B, Antsoain, Gaztedi, Ñapurrak, Murueta, Goiherri eta Berriozar lehiatuko dira, hamabi talde guztira.