Aldarrikapen eguna egin du gaur LAB sindikatuak Baztan-Bidasoan, langileen aldarrikapen eta borrokak ezagutzera emanez:
- Doneztebeko gizarte segurantzaren bulegoa irekitzea exijitu dute. «Pandemiaren aitzakiarekin bulegoa itxi zuten, herritarrok kudeaketak egiteko Iruñera joan behar izatera behartuz. Ezin dugu zerbitzu publikoak suntsitzea onartu, horregatik argi diogu eskualdeko bulegoa berriro ere martxan jarri behar dela».
- Bera, Lesaka eta Elizondoko zahar etxeetako langileak egoitzen aitzinean bildu dira, «baldintza duinak bermatuko dituen zaintza zerbitzu publikoa aldarrikatuz».
- Zalain Transformados S.L eta Caveo-Funbera S.A lantegietan «Nafarroan negoziatuko den metaleko hitzarmenean txertatu beharreko hainbat aldarrikapen atera ditugu. Hala nola, diskriminazioarekin bukatzea, emakumeak metalean kontratatuz eta gehiegizko malgutasunarekin bukatzea».
- Gazteei dagokienez, «modu estrukturalean jasaten duten prekarietatea eta zabor kontratuak bukatzea eta kontratazio duinak ematea exijitu dugu. Izan ere, aunitzetan gazteak eskualdetik alde egin behar izaten dute, lana eskuratu eta bizi proiektu bat garatu ahal izateko».
- Elizondoko Tasubinsako langileek «hitzarmen duin baten aldeko greba» egin dute gaur.
Azkenik, «gaur deklaratzera deituak izan diren sei herritarren epaia salatu nahi dugu. Modu baketsuan herriaren borondatea defendatzeagatik milaka euroko isunak eskatzea onartezina da. Hori dela eta, LAB sindikatutik bidegabekeria honekin bukatzea eta behin betikoz Aroztegiaren proiektua gelditzea exijitzen dugu. Ez dugu erabilera sozialik gabeko eta gutti batzuen aberastasuna helburu duen proiekturik onartuko».