Aroztegiko proiektua ustez gelditzeagatik deklaratzera deitu dituzte sei baztandar gaur goizean Nafarroako Auzitegian, «derrigortze delitua» egotzita. Baztandarrek elkarretaratze deia egin zuten eta hainbat herritar elkartu dira gaur goizean auzitegiaren aitzinean, auzipetuei babesa adierazteko eta epaiketa salatzeko.
Auzipetuak izan diren bi herritarrek hartu dute hitza. Garbiñe Elizegik adierazi duenez, «gaur zigortu nahi dena ez da guk seiak egin duguna edo egin ez duguna, gaur epaitegi honetan herri oso batek eraso bortitz baten aitzinean bere burua defenditzea eta bere erabakien jabe izatea zigortu nahi da». Herriak «historikoki» egin izan duena egin dutela adierazi dute; «batzarretan erabakiak hartu eta auzolanaren bitartez erabaki hauek burutu». Mezu argia helarazi nahi izan du: «mendez mende, gure lurrak bereganatzera eta gure hizkuntza eta kultura desagerraraztera etorri diren kolonizatzaile, inkisidore eta diktadoreek lortu ez dutena, ez dute lortuko gaur egun Nafarroako Gobernuan dauden sasidemokratek edo mafiosoen pare jokatzen duten dirudunek. Herri honek duintasunarekin segituko du zutik eta bizirik, gu seiak erori edo ez erori, edo guri ditugun lau sos kendu edo ez».
Itziar Torresek PSIS edo UGEP (Udalez Gaindiko Eragina duen Plana) figura administratiboaren «erabilera gaiztoa» salatu du, «gure lurren gainean ditugun eskumenak kentzeko helburu hutsarekin. Proiektua ez da interes orokorrekoa ez eta udalez gaindikoa ere». Auziak «konponbide politikoa» duela gehitu du; «Nafarroako Gobernuak erantzukizunez jokatzea eta UGEPa bertan beheiti uztea. Hor akitzen dira arazoak».
Akitzeko, haiek egindako guztia «publikoki» egin dutela adierazi dute, «egun argiz egin dugu eta denek ikusi dute. Gainera, ez da baztandarren afera bat izan, eragile politiko, sozial, sindikal, kultural eta dena delako pila bat egon dira. Euskal Herritik jende pila bat etorri da, eta horrek erakusten du horrelako proiektuek ekartzen dituzten kezkak eta kontrakotasuna».