Cederna Garalurrek 'Etxean, etxekoa' kanpaina aurkeztu du

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 25a, 13:00

Lehen sektoreak Nafarroako Mendialdean egiten duen lanari balioa ematea du helburu kanpainak

Cederna Garalur elkarteak 'Etxean, etxekoa' kanpaina abiatu du 'Lehen Sektorearen Balorizazioa' proiektuaren baitan. Adierazi dutenez, «COVID-19 pandemiak eragindako garai zailetan agerian geratu da lehen sektoreak eguneroko bizitzan duen garrantzia, elikagai osasungarri, nutritibo eta aberatsez hornitzen baikaituzte etengabe. Hala ere, batzuetan, gure errutinarako hain beharrezkoa den lehen sektoreko lana ez da behar bezala aitortzen».

Kanpainarekin tokian tokiko produktuak erostea «kontsumo mota logiko eta naturalena dela» helarazi nahi dute, «gure erkidegoan inbertitzeko eta lehen sektoreko lerro ezberdinek egiten duten lan bikaina eskertzeko aukera ematen digulako». Etiketa bat diseinatu dute tokiko establezimenduetan «Nafarroako Mendialdetik datozen produktuak identifikatzen laguntzeko eta horien kontsumoa sustatzeko».

Lehen Sektorearen Balorizazioa

Proiektuaren barnean bertze hainbat ekintza eginen dituzte, «lehen sektoreak landa-inguruneetan enplegua sortzeko, gure herrietan merkataritza sustatzeko eta elikadura aberats, osasuntsu eta arduratsu baten alde egiten duen lana aitortzeko». Herritarrak ez ezik, lehen sektorean lan egiten duten pertsonak eta taldeak kontzientziatu nahi dituzte, eta hainbat saio antolatu dituzte, «parte-hartzaileek beren produktuei eta jarduerei buruz gogoeta egiteko, beren lanak gure ingurunean, landa zein hiri-ingurunean, duen balioa eta eragina aldarrikatzeko estrategiak garatuz».

Proiektuak Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasunaren LGENF funtsen finantzazioa jaso du, 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Programaren bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun