640 kiloko Euskal Herriko sokatira txapela ere jantzi dute Beti Gazteko mutilek

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 24a, 09:00
Beti Gazteko sokatira taldeko mutilak 640 kiloko Euskal Herriko txapela jantzi ondotik.

540 kiloko emakumeen bigarren jardunaldia ere jokatu dute larunbatean Berangon eta Beti Gazteko emakumeak gailendu dira.

Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketako bigarren txapela jokoan izan dute urtarrilaren 22an, larunbat arratsaldean Berangon (Bizkaia) jokatu den gizonezkoen 640 kiloko finalean. Aitzineko bi jardunaldietan bezala, tiraldi guztiak irabazi ditu Beti Gaztek eta ezustekorik gabe, txapela jantzi du.

Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Karmelo Mitxelena, Oskar Telletxea, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga, Guy Larralde (Ezpeleta), Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea aritu ziren. Entrenatzaile lanean Paskual Taberna aritu zen eta laguntzaile Iñigo Altzugarai.

Lesakarren ondotik Ibarra sailkatu da bigarren postuan eta Zuraidek osatu du podioa.  Ñapurrak laugarren izan da, Amaiur bosgarren eta Abadiño seigarren.

Emakumezkoen 540 kiloko kategoriko bigarren jardunaldia ere jokatu dute Berangon. Lehen jardunaldian berdindu egin zuten Beti Gaztek eta Gaztedik, baina bigarrenean lesakarrak gailendu dira tiraldi guztietan. Gaztedi bigarren izan da, Ibarra hirugarren, Badaiotz laugarren, Abadiño A bosgarren eta Abadiño B seigarren.

Urtarrilaren 29an Bakion emakumeen lehen txapela emanen dute

Urtarrilaren 29an, Bakion (Bizkaia) jokatuko dute emakumeek kategoria honetako azken jardunaldia eta Beti Gaztek puntu bateko aldea ateratzen dio orain Gaztediri. Bien artean egonen da seguruenik txapela. Gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldia ere jokatuko dute Bakion.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun