Iparlur Masters Txapelketa aurkeztu zuten ortzegunean Hernaniko Galarretan eta aurtengo banakako Mastersa berrikuntzekin dator. Inoiz baino pilotari gehiagok jokatuko dute, sei, eta bi debutari izanen ditu; Aritz Zubiri goizuetarra eta Goikoetxea V.a. Bertze lauak Aritz Juanenea saldiastarra, Ansa II.a, Urriza eta Barrenetxea IV.a izanen dira.
Buruz Buruko Kutxabank Torneoko sei erremontista onenek jokatuko dute Mastersa eta guztira bortz partida daude iragarrita, datozen bortz larunbatetan. Lehenengo partidua bihar, urtarrilaren 22an jokatuko da eta eskualdeko bi erremontistek, Aritz Juanenea saldiastarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak neurtuko dituzte indarrak. Juanenea laugarren sailkatu zen udaran eta Zubiri bosgarren. Garailea finalerdietara pasako da.
Bigarren partida urtarrilaren 29an jokatuko dute Goikoetxea V.ak eta Ansa II.ak. Bi urnietarren arteko partida izanen da eta Goikoetxea seigarren sailkatu zen Kutxabank Torneoan eta Ansa hirugarren.
Finalerdietan Urriza eta Barrenetxea izanen dituzte esperoan irabazleek eta finala otsailaren 19an
Lehenengo finalerdia otsailaren 5ean izanen da eta Urrizak Ansa eta Goikoetxearen arteko partidaren irabazlea izanen du kontrario.
Bigarren finalerdia Barrenetxea IV.ak jokatuko du Juanenea edo Zubiriren aurka otsailaren 12an. Gogoratu behar da Barrenetxea dela Banakako txapelduna eta Urriza azpitxapeldun dela.
Finala, finalerdietako irabazleek jokatuko dute otsailaren 19an.