Hegazti gripea prebenitzeko etxeko hegaztiak aire zabalean haztea debekatu du Nafarroako Gobernuak otsailaren 15era arte

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 18a, 20:00

Neurria indarrean sartu zen urtarrilaren 5ean eta otsailaren 15ean arrisku epidemiologikoa berriz ebaluatuko dute, neurriak mantenduko diren edo ez baloratzeko

Hegazti gripeak azken aldian izan duen bilakaerari aurre egiteko, Landa Garapenerako eta Ingurumeneko Departamentuak birusaren aurkako prebentzio eta kontrol-neurriak ezarri ditu, Nafarroako hegazti instalazio guztiei eraginen dietenak.

Urtarrilaren 5ean egindako ebazpenaren arabera, «debekatuta dago etxeko hegaztiak aire zabalean haztea eta hegazti basatiek erabili ahal izan dituzten deposituetatik datorren urarekin hornitzea». Honez gain, hegaztiak hazteko ustiapenetan «biosegurtasunari dagozkion neurriak zorroztea» gomendatu dute, «instalazioetako bisitak minimizatuz eta garbitasun eta desinfekzio protokoloak aplikatuz ibilgailuetan eta pertsonengan».

Hegaztiak aire zabalean ez haztea posible ez den kasuetan, «alanbre-sare edota hegazti basatiak sartzea eragozten duen bertze gailuren baten ezarpena eginez» baimenduko da hegaztiak kanpoan edukitzea. Hegaztiak barruko janari eta edariarekin hornitu beharko dira eta kontaktua ekidin beharko da hegazti basatiekin.

Neurri hauek indarrean izanen dira otsailaren 15era arte eta orduan arrisku epidemiologikoaren ebaluazioa eginen dute, mantenduko diren edo aldatuko diren erabakitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun