Joxean Etxeberria eta Patxi Mindegia nagusitu dira XXII. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako lehen jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 17a, 13:00
Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako lehen jardunaldian nagusi izan dira Patxi Mindegia eta Joxean Etxeberria, argazkian eskuineko aldean.

Igande eguerdian Arabar Errioxako Villabuena/Eskuernagan jokatutako lehen jardunaldian aritu dira.

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako hogeita bigarren edizioa abiatu da ilbeltzaren 16an, igande eguerdian Arabar Errioxako Villabuena/Eskuernaga herrian jokatu den lehen jardunaldiarekin. Bikote egin dute Zigako Joxean Etxeberria eta Zubietako Patxi Mindegiak eta Kañamarestarrak baino gehiago izan dira.

Denera hamaika enbor moztu behar izan dituzte, sei modalitatetan. Mindegiak eta Etxeberriak 22 minutu eta 6 segundo behar izan dute lana burutzeko eta Oier Kañamares IV.a eta Xuban Kañamares V.ak 40 segundo gehiago. Juan Jose Lopez Azpilikueta eta David Naredo bikoteak ez du parte hartzerik izan.

 

Harri-jasotzaileak ere

Harri-jasotzen, Zortzi Arroako Hiru Harri txapelketan Mikel Lopetegi Urra eta Iraitz Arruti aritu dira ehun kiloko hiru harrirekin, zilindro zaharra, kubikoa eta borobila, bina minutuko txandetan. Urrak guztira 68 jasoaldi egin zituen eta Arrutik 51.

Emakumezkoen harri-jasotze txapelketan, Karmele Gisasola Zelai III.ak 52 jasoaldi eman zizkien 63 kiloko hiru harriei eta gazte mailan, Aroa Sanchezek 37 jasoaldi eman zizkien 50 kiloko hiru harrieri.

Txinga erakustaldian, 50na kiloko txingekin, 35 untze (untze bakoitzak 25 metro ditu) egin zituen Kerman Perez de Herediak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun