Beti Gazte eta Amaiurko mutilek lortu dute 640 kiloko Euskal Herriko sokatira txapelketako finalerako txartela

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 17a, 10:00

Beti Gazteko emakumeek Euskal Herriko txapelketako estreinako tiraldian egin zituzten igandean Bilbon. 540 kiloko kategoriako lehen jardunaldian berdindu egin zuten Gaztedirekin.

540 kiloko emakumeen estreinako jardunaldian lehen postuan berdindu egin dute Beti Gaztek eta Gaztedik.

Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zen igandean Bilboko La Casilla kiroldegian. Gizonezkoen 640 kiloko bigarren jardunaldian, berriz ere nagusi izan ziren Beti Gazteko mutilak eta bosgarren Amaiurkoak. Honela, bi taldeek lortu dute urtarrilaren 22an Berangon (Bizkaia) jokatuko den finalerako txartela. Emakumezkoen 540 kiloko kategoriko lehen jardunaldian, lehen postuan berdindu egin zuten Beti Gaztek eta Gaztedik.

Gizonezkoen 640 kiloko kategorian, lehen jardunaldian bezala, bigarrenean ere tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gaztek. Amaiur bigarren izan zen. Lehenbiziko jardunaldian hirugarren izan zen Amaiur eta igandean Bilbon bosgarren. Halere, eskualdeko bi taldeak izanen dira urtarrilaren 22an Berangon (Bizkaia) jokatuko den hirugarren eta hondarreko jardunaldian.

Emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldian, berriz, lehia estua izan zuten Beti Gaztek eta Gaztedik. Lesakarrek eta bizkaitarrek elkarren arteko tiraldi bana irabazi zuten eta bertze guztiak ere irabazi egin zituzten. Bosna puntu eta erdi lortu zuten. Ibarra izan zen hirugarren (4 puntu), Badaiotz laugarren (3 puntu), Abadiño A bosgarren (2 puntu eta) Abadiño B seigarren (puntu 1).

Bigarren txapela urtarrilaren 22an Berangon

Gauzak honela, heldu den larunbatean, urtarrilak 22, Berangon jokatuko dute gizasemeen 640 kiloko hirugarren eta hondarreko jardunaldia. Beti Gazte, Ibarra, Amaiur, Ñapurrak, Zuraide eta Abadiño lehiatuko dira kategoria honetako txapelaren bila. Emakumeen 540 kiloko bigarren jardunaldia ere jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun