Euskal Herriko sokatira txapelketa joan den asteburuan abiatu zen. Bi jardunaldi jokatu zituzten gizasemeek larunbatean Ibarran (Gipuzkoa) eta igandean Abadiñon (Bizkaia). Igande honetan hirugarren jardunaldia jokatuko dute Bilboko La Casilla kiroldegian. Gizasemeek 640 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute eta emakumeak ere lehian hasiko dira, 540 kiloko kategorian.
Emakumezkoen 540 kiloko kategorian sei talde lehiatuko dira: Beti Gazte, Ibarra, Badaiotz, Abadiño A, Abadiño B eta Gaztedi. Emakumeen pisu astunean Amaiurrek ez du talderik paratuko goma gainean.
Gizasemeen 640 kiloko lehen jardunaldian Beti Gazte nagusitu zen eta Amaiur hirugarrena izan zen. Aipatzekoa da bi jardunaldietako sei talde onenek finala jokatuko dutela urtarrilaren 22an Berangon (Bizkaia).