Kalakan taldeak kontzertua emanen du igandean Baigorrin

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 14a, 14:08

«Artizarra, norabidea ez galtzeko ardatz segurua, betidanik geure buru gainean izan dena. Oinarri mugiezina, hainbat mendetan artzainek ere erabili izan duten itsasargia». Hala dio Kalakan taldeak Artizar izeneko bere diskoan, «edozein tenpesta zeharkatuz ere, burua edo norabidea inoiz galdu gabe bakoitzak gure bizi bidea beti segitu behar dugula gogoratu» nahi baitu. Azken disko hori aurkeztuko du igande honetan, ilbeltzaren 16an, Baigorriko elizan. 18:00etan hasiko da.

Hamar urteko ibilbidearen ondotik, soinuz aldatzea erabaki du taldeak, «euskal kantua eta honi dion errespetua beti zainduz». Azken disko honetan, «xenda berri batean sartu da Kalakan kantu tradizionalak sonoritate aktualagoekin sakonduta; zentzua inoiz galdu gabe». Adierazi dutenez, «euskal neo-trad elektro-world musika estiloan oinarritutako diskoa da» hamasei kantuz osatuta. Esperientzia haundiko artisten laguntza izan dute diskoan, bertzeak bertze, Pello Reparaz, Hugo Imakhoukhene (MakJak) eta Andrew Keelan. 

Igandean Baigorriko elizan izanen da hirukote handia. Sartzeak lotura honetan edo Baigorrin (Oronos) edo Garazin (Chez Paris) eros daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun