Oharkabe taldea

«Proiektua ixteko unea dela erabaki behar izan dugu»

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 16a, 08:00

«Besta giroan sortu eta aitzinera eramandako proiektua» da Oharkabe. 2013ko gazte otordu batean hasi zen; «mahai-giroan trikitixarekin giroa alaitzen zebiltzan bi taldekide elkartzeak laster ekarri zuen musika talde bat sortzeko ideia. Lehenengo entseguek azkar elkartu zuten taldea eta herriko plazak kontzertuz kontzertu alaituz, taldea sendotzen hasi zen eta bideari ekin genion». Orain, ordea, ibilbidea eten behar izan dute «taldearen beharrak eta helburuak egungo egoerarekin bat ez datozelako».

Bortz gazteren proiektua

Bortz kidek osatzen zuten taldea hasieran; Janire sunbildarrak eta Nerea doneztebarrak trikitixa eta panderoa jotzeaz gain taldearen ahotsak ziren. Etxalarko Beñat zen gitarrista, Manex zubietarra baxu-jotzailea eta Unai doneztebarra baterian. Denborarekin, aldatzen joan da eta 2017an Aitziber lesakarra sartu zen teklatuarekin eta Andoni etxalartarra baterian, Manex, Janire eta Unai ordezkatuz. Hala ere, «denboraldi batzuetan hainbat musikariren laguntza izan dugu oholtzan; Ion, Mikel, Julen, Mattin… eta eskerrak eman nahi geniozke denei».

Urte eta erdiz entseguekin pasa ondotik «ilusio handiarekin» jaso zuten lehenbiziko deia, baina ez zen dei bakarra izan, bi baizik; «ilunabarrean Agoitzen izan genuen estreinaldia eta segidan Elizondoko gazte egunean jo genuen, goizeko ordu txikitan. Emandako kontzertuekin pozik gelditu ginen, baina ikaragarrizko elurtea egin zuen eta Elizondoko errepideak txuri- txuri gelditu ziren. Gainera taldeko furgoneta bertan utzi behar izan genuen motorra ez zelako abiarazten… Erronkaz betetako egun luzea aurreikusten genuen, baina horrelako amaiera ez genuen aukeren artean sartu».

Herriz herri, plazaz plaza

Geroztik, plazaz plaza ibili dira herrietako bestak alaitzen; «hilabete aunitzetan prestatutako proiektua jendeari erakusteko unea da guretzat. Gustuko dugun hori egiteko aukera izan dugu elkarren ondoan eta aldi berean gure musikaz jendeak nola disfrutatzen duen bizi izan dugu».
Entseguak urte hasieran egiten bazituzten ere, denboraldia hastean ikasten zuten garrantzitsuena; «abestiei beldurra kendu eta beharrezkoa benetan barneratzeko balio ziguten kontzertuak. Hoiek ziren gure entsegu eraginkorrenak».

Hainbat talderen kantuak moldatu dituzte plazan dantzatu ahal izateko; Gozategi, Betagarri, Zea Mays, Kortatu, Esne Beltza, Huntza… «estilo eta abesti desberdinak genituen gustuko, baina denentzako lekua zegoen. Eskaintzen saiatu garen aniztasun hori da funtzionatu duena». Urtero abesti berriak sartu izan dituzte emanaldietan, «publikoaren eskaerak jasoz», baina argi dute «taldearen esentzia beti mantendu izan dugula, ahots eta instrumentuekin abestiak ahal bezain osatuen aurkeztuz».

Hainbat momentu on bizi izan dituzte taldekideek Oharkaberekin; «eskualdean emandako kontzertuak ezingo ditugu erraz ahantzi: Baztandarren Biltzarra, Doneztebeko errebestak, Errekaren eguna, Lesakako San Ferminak… plaza goraino beteta ikusteak sekulako poza eta aitzinera segitzeko indarra eman digu».

Agur errateko unea

2020ko denboraldia hasi berri zutela «ezustean» harrapatu zituen koronabirusak. «Plazak alaitzea, publikoarekin disfrutatzea eta denon artean besta giro polita sortzea izan dugu beti helburu. Zoritxarrez, bizi dugun egoerak ez zigun helburu hauek betetzea ahalbidetzen».

2021ean «denboraldia aitzinera ateratzeko esperantza genuen baina aurreikusten genituen planak atzeratzen joan dira, eta taldekide bakoitzak bere proiektu pertsonalekin segitu du». Taldea denbora gehiegi egon zen geldirik, «eta urte amaieran erabaki bat hartzeko beharra ikusi genuen. Zaila izan da horrenbeste ilusioz eta bizipenez betetako proiektua ixtea, baina nahiago dugu orain arte egindakoarekin gustura gelditu, aitzinera hala-hola segitu baino».

Etorkizunera begira

«Hasieran taldekide soilak ginenak lagun hurbilak gara orain, eta etorkizunean gogo eta aukerarik izatekotan, ziur gaude oholtza gainera bueltatzeko aukera baloratuko genukeela». Baina oraingoz, «bakoitzak bere bidea hartu du».

Batzuen lehentasuna ikasketak dira, bertze batzuena familia edo lana, «baina argi dugu benetan gustuko dugun horretan aritu nahi dugula, eta ahal bada, musikari txoko bat eginen diogula. Musikak elkartu gaitu eta hari esker aunitz ikasi eta disfrutatu dugu».

«Eskerrak eman nahi dizkiegu oholtza gainean eta animatzen ibili diren guztiei, baita urtero gurekin kontatu duten herri eta erakundeei ere. Hagitz aberasgarriak izan dira azken urteak eta hau guztia ezinezkoa izanen litzateke elkarlanik gabe, hortaz, gure eskerrik beroenak proiektuaren parte izan zareten guztiei».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun