Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako lehen jardunaldian parte hartuko dute Mindegiak eta Etxeberriak

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 13a, 18:00

Larunbatean abiatuko da Eskuernagan (Araba) Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako XXII.en edizioa. Eskualdeko lau aizkolarik hartuko dute parte lehiaketan: Joxean Etxeberria zigarrak, Patxi Mindegia zubietarrak, eta Eneko Saralegi eta Jon Rekondo leitzarrek. 

Larunbatean Etxeberriaren eta Mindegiaren txanda izango da. Bikotea osatuko dute biek, eta aurkari izango dituzte Oier Kañamares IV- Xuban Kañamares V, eta Juan Jose Lopez Azpilikueta eta David Naredo aizkolariak. 

Ondokoa izanen da aizkolariek egin beharko duten lana: 

  • 45 ontzako enborra ahalik eta kolpe gutxien emanda moztea.
  • 45 ontzakoa erlojuaren kontra moztea.
  • 54 ontzako enborra zutik txanda librean moztea.
  • 60 ontzako bi enbor moztea, aizkolari bakoitzak bana.
  • Zutikako 45 ontzako bat aizkolari batek eta jarraian 54 ontzako bat etzanda bertzeak.
  • 60 ontzako lau enbor moztea txanda librean.

Harri-jasotzaileak ere

Harri-jasotzen, Zortzi Arroako Hiru Harri txapelketan Mikel Lopetegi Urra ariko da ehun kiloko hiru harrirekin, zilindro zaharra, kubikoa eta borobila, bina minutuko txandetan.

Emakumezkoen harri-jasotze txapelketako gazte mailan, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez ariko dira 50 kiloko hiru harrirekin.

 

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan, urtarrilaren 22an, 23an eta 29an jokatuko dituzte hurrengo jardunaldiak. Jon Rekondo eta Eneko Saralegi Leitzan ariko dira 29an. Eneko Saralegik Txomin Amundarainekin osatuko du bikotea, eta Jon Rekondok Ibai Soroarekin. Hirugarren bikotea Ugaitz Mugertza eta Julen Gabirondok osatutakoa izanen da.  

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun