Ibilaldiak eginen dituzte Artikutzan urtarrilaren 16an, 23an eta 30ean

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 13a, 15:00
Urtarrilaren 30ean hustutako Enobietako inguruan eginen dute itzulia. Argazkia: Arturo Elosegi.

Artikutza Natura programaren barruan, hiru bisita gidatu antolatu ditu Donostiako Udalak urtarrilean Artikutzan. Ateraldi guztiak Eskaseko atezaindegiko aparkalekuan (Oiartzun) abiatuko dira 9:15etan. Parte hartzeko aurretik izena eman beharko da helbide honetan.  

  • Urtarrilaren 16an Bianditzera eginen dute itzulia. Eskasetik abiatuko dira eta hortik larre artean gora egingo dute, Galtzarrietatik. Bianditzeko igoera motza eta malkartsua izango da. Tontorrean kostaldeko bistak ikusi, eta Eskasera bueltatu aurretik hamaiketakoa hartuko dute. Jaisterakoan, Artikutzako trenbide zaharraren bidea hartuko dute Eskaseraino. Denera zazpi kilometro inguruko ateraldia izanen da eta 360 metroko desnibela izanen du. 

  • Urtarrilaren 23an Urdallu eta Burdinola zaharrean eginen dute itzulia. Artikutzako auzotik hasi eta Urdalluko bailarara abiatuko dira. Maldan gora egin ondoren, pagadi handi bat gurutzatu eta gero Otaneko pistaraino helduko dira eta Elamako bailarara pasako dira. Pistatik behera, Gozaringo burdinolan azalduko dira. Antzinako burdinolaren arrastoak ikusi ahal izango dituzte bertan; eraikina, mineralak... Hamaiketakoa hartu ondoren, bueltari ekingo diote. Ibai ertzetik doan pista jarraituko dute une oro, irteera lekura heltzeko. Bederatzi kilometroko ibilbidea izanen da, eta 238 metroko desnibela izanen du. 
  • Urtarrilaren 30ean Enobietako presari buelta emanen diote. Artikutzako auzotik abiatuko  dira eta Enobietako presa zeharkatuko dute. Inguruan eman diren aldaketen berri emanen dute: presaren eraikitzea, egindako landaketak, basoaren berreskuratzea inguruko bioaniztasuna... Auzora bueltatu baino lehenago lehen urtegiaren urez estalitako ingurura sartuko dira inguru berri honetaz zein espezie baliatzen diren ikusteko. Enobietako Urtegiaren egoera ikusita auzora bueltatuko dira eta auzoan ibaiko uren analisia egingo dute: pH-a, Oxigeno kantitatea, Sulfatoak... Denetan ibilbide laburrena izanen da azkena. Sei kilometro eginen dituzte, 100 metroko desnibelarekin. 

15 pertsona arteko taldeetan 62,79€  ordaindu beharko da taldeko, eta 15 pertsonatik gora 6 eta 16 urte bitartekoek 2,09 euro pertsonako, eta 16 urtetik gorakoak 3,14 euro. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun