Asteburu honetan abiatu da Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa eta Beti Gaztek lortu du dagoeneko lehenbiziko txapela. Larunbatean Ibarran (Gipuzkoa) jokatu zen 680 kiloko txapelketa, jardunaldi bakarrean eta lesakarrak gailendu ziren tiraldi guztietan. Zuraide izan zen bigarren, Ibarra hirugarren eta Ñapurrak laugarren. Muruetak ez zuen parte hartzerik izan.
Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Karmelo Mitxelena, Lander Landiribar (Amaiur), Oskar Telletxea, Guy Larralde (Ezpeleta), Beñat Ordoki, Beñardo Iantzi, Eneko Saldias eta Julen Palenzuela aritu ziren tiran, Paxkual Taberna entrenatzaile eta Ander Mitxelena laguntzaile zutela.
640 kiloko lehen jardunaldia
Biharamunean, Abadiñon (Bizkaia), gizasemeen 640 kiloko lehen jardunaldia hasi zen. Hemen zortzi talde hasi dira lehian eta hemen ere lesakarrak gailendu ziren tiraldi guztietan. Azpimarratzekoa izan zen Amaiurren jarduna ere, hirugarren izan baitzen, Beti Gazte eta Ibarraren ondotik. Laugarren izan zen Ñapurrak, Abadiñok eta Zuraidek berdindu egin zuten bosgarren postuan, Murueta zazpigarren izan zen eta Txantrea zortzigarren.
Egutegia
Asteburu honetako jardunaldiaren ondotik, urtarrilaren 16an gizonezkoen 640 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute Bilboko (Bizkaia) La Casillan. Emakumeen pisu astunean sei talde ariko dira: Beti Gazte, Ibarra, Badaiotz, Abadiño A eta B eta Gaztedi.
Urtarrilaren 22an, gizonezkoen 640 kiloko finala eta emakumeen 540 kiloko jardunaldia jokatuko dituzte Berangon (Bizkaia).
Urtarrilaren 29an, emakumezkoek 540 kiloko azken jardunaldia eta gizasemeek 600 kiloko lehena jokatuko dute Bakion (Bizkaia). Gizonezkoen hamabi talde lehiatuko dira kategoria honetan: Amaiur, Beti Gazte, Ibarra, Txantrea, Abadiño A, Abadiño B, Antsoain, Gaztedi, Ñapurrak, Murueta, Goiherri eta Berriozar.
Otsailaren 5ean Erandion (Bizkaia), gizasemeen 600 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko lehena jokatuko dute. Emakumeen pisu arinean hamar talde ariko dira nor baino nor gehiago: Amaiur, Beti Gazte, Ibarra, Txantrea, Badaiotz, Abadiño A, Abadiño B, Antsoain, Gaztedi eta Berriozar.
Otsailaren 12an jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia eta emakumezkoen 500 kiloko bigarrena, oraindik zehaztu gabe dagoen herrian.
Otsailaren 19an, txapelketa mistoa (580 kilo) erabakiko da egun bakarrean, Ibarran (Gipuzkoa). Txapelketa mistoan hamar talde ariko dira: Amaiur, Beti Gazte, Ibarra, Txantrea, Bizindar, Abadiño A, Abadiño B, Antsoain, Gaztedi eta Berriozar.
Otsailaren 26an, azkenik, emakumezkoen 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldiaz gain, gizonezkoen 560 kiloko txapela jokatuko da egun bakarrean Ibarran (Gipuzkoa). Etxeko taldearekin batera, Beti Gazte, Txantrea, Abadiño, Gaztedi, Ñapurrak, Murueta, Goiherri eta Berriozar ariko dira, bederatzi talde denera.
Munduko txapelketa bertan behera
Martxoaren 3tik 6ra Munduko txapelketa jokatzekoa zen Herbehereetako Doetinchem hirian. Bertan parte hartzeko asmotan zen Beti Gazte, ez ordea Amaiur. Halere, osasun egoera dela eta, txapelketa bertan behera utzi dute.