Asteburu honetan abiatuko da Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa. Lesakako Beti Gaztek kategoria guztietan aterako du zortzikotea eta Amaiur ere kategoria gehienetan lehiatuko da, emakumezkoen pisu astunenean eta gizonezkoen pisu astunenean eta arinenean izan ezik.
Txapelketa indarrez hasiko da. Urtarrilaren 8an, larunbatean Ibarran (Gipuzkoa) jokatuko den saio bakarrean emanen baitute gizonezkoen pisu astuneneko, 680 kiloko txapela. Bortz talde ariko dira lehian: Beti Gazte, Ibarra, Ñapurrak, Zuraide eta Murueta. Biharamunean, urtarrilaren 9an, Abadiñon (Bizkaia), gizasemeen 640 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute. Hemen zortzi talde izanen dira lehian: Amaiur, Beti Gazte, Ibarra, Txantrea, Abadiño, Ñapurrak, Zuraide eta Murueta. Kategoria honetan, bi jardunaldi jokatuko dute eta sei onenek finala jokatuko dute.
Egutegia
Asteburu honetako jardunaldiaren ondotik, urtarrilaren 16an gizonezkoen 640 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute Bilboko (Bizkaia) La Casillan. Emakumeen pisu astunean sei talde ariko dira: Beti Gazte, Ibarra, Badaiotz, Abadiño A eta B eta Gaztedi.
Urtarrilaren 22an, gizonezkoen 640 kiloko finala eta emakumeen 540 kiloko jardunaldia jokatuko dituzte Berangon (Bizkaia).
Urtarrilaren 29an, emakumezkoek 540 kiloko azken jardunaldia eta gizasemeek 600 kiloko lehena jokatuko dute Bakion (Bizkaia). Gizonezkoen hamabi talde lehiatuko dira kategoria honetan: Amaiur, Beti Gazte, Ibarra, Txantrea, Abadiño A, Abadiño B, Antsoain, Gaztedi, Ñapurrak, Murueta, Goiherri eta Berriozar.
Otsailaren 5ean Erandion (Bizkaia), gizasemeen 600 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko lehena jokatuko dute. Emakumeen pisu arinean hamar talde ariko dira nor baino nor gehiago: Amaiur, Beti Gazte, Ibarra, Txantrea, Badaiotz, Abadiño A, Abadiño B, Antsoain, Gaztedi eta Berriozar.
Otsailaren 12an jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia eta emakumezkoen 500 kiloko bigarrena, oraindik zehaztu gabe dagoen herrian.
Otsailaren 19an, txapelketa mistoa (580 kilo) erabakiko da egun bakarrean, Ibarran (Gipuzkoa). Txapelketa mistoan hamar talde ariko dira: Amaiur, Beti Gazte, Ibarra, Txantrea, Bizindar, Abadiño A, Abadiño B, Antsoain, Gaztedi eta Berriozar.
Otsailaren 26an, azkenik, emakumezkoen 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldiaz gain, gizonezkoen 560 kiloko txapela jokatuko da egun bakarrean Ibarran (Gipuzkoa). Etxeko taldearekin batera, Beti Gazte, Txantrea, Abadiño, Gaztedi, Ñapurrak, Murueta, Goiherri eta Berriozar ariko dira, bederatzi talde denera.
Munduko txapelketa martxoan Herbeheretan
Zuzen bidean, gero, martxoaren 3tik 6ra Munduko txapelketa jokatuko dute Herbeheretako Doetinchem hirian. Bertan parte hartzeko asmotan da Beti Gazte, ez ordea Amaiur