2011tik 2021era bitarte lau puntu eta erdi hazi da biztanleria TTIPI-TTAPAren eremuan, zehazki, %4,54. Baina igoera hori herri gutti batzuen gorakadaren ondorio da, gehiago izan baitira biztanlerian beheiti egin dutenak: 27 udalerrietatik 18. Albistean beheiti eginez udalerriz udalerriko datuak dira.
Azken hamar urteotan 18 udalerrik galdu dute biztanleria
Batzuk neurri handiagoan, eta bertzeek neurri ttikiagoan, baina eskualdeko hemezortzi udalerritan biztanleriak beheiti egin du 2011z geroztik. Bereziki beheiti egin dutenak Ezkurra (% 19,53), Beintza-Labaien (% 13,71), Oiz (% 10,81), Goizueta (% 10,77) eta Urdazubi dira (% 10,31).
Maila apalagoan bada ere, Eratsunek (% 9,32), Aranok (% 8,06), Elgorriagak (% 7,76), Bertizaranak (% 7,74), Igantzik (% 7,56) eta Arantzak (% 5,59) ere biztanleria galdu dute azken hamar urteotan. Ez dira bakarrak: Iturenen (% 2,87), Baztanen (% 2,63), Zubietan (% 2,25), Lesakan (% 2,10), Areson (% 1,79), Saldiasen (% 1,72) eta Beran ere (% 0,08) jaitsi egin da.
Zortzitan goiti
Kontrako joera izan dute bertze zortzi udalerrik, eta batzuen kasuan, gorako joera aski agerikoa da. Senpere da horren adibide argiena, eta maila apalagoan Sara eta Doneztebe. Azken hamar urteotan % 27,77 hazi da biztanleria Senperen, 2011n baino 1.497 lagun gehiago daude Senperen erroldatuak. Sarako kasuan, % 13,09 egin du goiti biztanleriak hamarkada honetan eta Donezteben % 8,76.
Donamarian ere goranzko joera bistakoa da. 2011tik honat % 3,44 hazi da biztanleria eta maila apalagoan Leitzan (% 1,93), Sunbillan (% 1,66), Urrozen (% 1,13) eta Etxalarren ere (% 0,24) igo egin da.
…eta Zugarramurdin berdin
Zugarramurdik, berriz, duela hamar urteko biztanleriari eutsi dio. 2011n 211 lagun zeuden erroldatuak eta 2021n berdin.
*Iturria: Espainiako Estatistika Institutua eta Gaindegia.
*Datuak urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean hartutakoak dira.