Sarek duela egun batzuk iragarri zuen larunbat honetan, ilbeltzaren 8an, Bilbon egitekoa zen manifestazio jendetsua bertan behera utzi duela eta horren partez, aldarria «Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrietara» eramateko deia egin du.
Bigarren urtez hartu du Bilboko mobilizazioa alde batera uzteko erabakia: «Ez da erabaki erraza izan. Baina argi daukagu bizitzen ari garen egoera honetan, non gero eta positibo gehiago baitaude eta gaixotasuna erraz kutsatzen baita, 80.000 eta 100.000 pertsona artean elkartzen dituen mobilizazio bat deitzea arduragabekeria dela, eta Sarek kosta ahala kosta saihestu nahi du hori».
Baina «aldarrikapena bizirik mantentzea inoiz baino beharrezkoagoa» dela iritzita, «herri guztietako kaleak betetze bidea egiten jarraitzeko» deia egin du: «bizikidetzarako bidea, bakerako bidea, etxerako bidea».
Eskualdeko hitzorduak
Herriz herriko deialdi horrekin bat eginez, eskualdean ere hainbat elkarretaratze eginen dituzte larunbatean, guztiak 17:00etan:
- Donezteben Malerrekako elkarretaratzea eginen dute, Ameztia karrikan.
- Lesakan Albistur karrikan egin dute hitzordua.
- Etxalarren plazan bilduko dira.
- Beran udaletxeko plazan eginen dute elkarretaratzea.
- Leitzan mosaikoa osatuko dute plazan.
- Aresoko plazan ere bilduko dira.
- Goizuetako plazan ere elkarretaratzea eginen dute.
Baztanen Baionara joateko deia
Bilbon Sarek antolatutako manifestazioa bertan behera gelditu bada ere, Bake Bideak eta artisauek Baionan deitu duten mobilizazioa bere horretan mantendu dute. Manifestazioa 15:00etan hasiko da eta hiru zutabetan eginen dute, Reduit plazatik, Euskaldunen plazatik eta Lauga kiroldegitik abiatuta.
Hain zuzen, Baztanen Baionako manifestazio horretarako deialdia egin dute eta harat joateko autobusa antolatu dute. Autobusa 13:15ean abiatuko da Elizondotik.