Hodei Ezpeleta nagusitu da Urrezko Aizkolarien Kopako finalean

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 3a, 18:00
Urtezahar arratsaldean Asteasu jokatutako herri-kirol jaialdian aritu ziren kirolari guztiak, lehian hasi aitzinetik.

Binakako harri-jasotze txapelketan Eiza eta Urra izan ziren garaile.

Urrezko Aizkolarien Kopako eta binakako harri-jasotze txapelketako finalak jokatu zituzten urtezahar egunean Asteasuko Usarrabi pilotalekuan, baita emakumeen arteko trontza, ingude eta aizkora desafioak ere. Urrezko Aizkolarien Kopako eta binakako harri-jasotze txapelketako finalak jokatu zituzten urtezahar egunean Asteasuko Usarrabi pilotalekuan, baita emakumeen arteko trontza, ingude eta aizkora desafioak ere.

Aizkora finalean hiru aizkolari aritu ziren, hamabi kanaerdikoetara. Hodei Ezpeleta eibartarra nagusitu zen (27.13), Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarraren (28.14) eta Xabier Zalduaren ordez aritu zen Julen Gabirondo urnietarraren (30.01) aitzinetik.

Binakako harri-jasotze txapelketako finalean 175 kiloko errektangularrarekin, 125 kiloko koparekin, 113 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko harri borobilarekin aritu ziren. Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza nagusitu ziren, 14.679 kilo altxatuta, Jokin Eizmendi eta Gorka Etxeberria izan ziren bigarren 14.003 kilorekin eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Iraitz Arruti hirugarren, 12.189 kilorekin.

Nerea Sorondo garaile eta Maika Ariztegi galtzaile aizkora eta ingude desafioetan

Urtezahar eguneko jaialdiak emakumeen arteko desafioak ere izan zituen, hiru modalitatetan. Trontzan, Garbiñe Lopez de Uralde eta Ruth Linaza arabarrek 13 segundoko aldearekin irabazi zieten Maria Iraizoz eta Ainhoa Iraizoz nafarrei. Ingude-jasotzen, Karmele Gisasola Zelai III.a nagusitu zitzaion Maika Ariztegiri. Bizkaitarrak 99 jasoaldi eman zizkion 10 kiloko ingudeari minutu eta erdian eta iturendarrak 91. Aizkoran, azkenik, Nerea Sorondo nagusitu zitzaion Laiene Pikabeari. 45 ontzako hiru enbor mozteko 6 minutu eta 43 segundo behar izan zituen beratarrak eta 8 minutu eta 27 segundo gipuzkoarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun