Eusko Label Binakako Txapelketa: atzo jaialdi ederra Beran eta bihar partida bikainak Erratzun

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 1a, 09:00

Urteari akabera ederra eman zion atzo arratsaldean Beran Eusko Label Binakako Txapelketak eta, bihar, 12:00etan, Erratzun emanen diote hasiera 2022ari bertze bi partida bikainekin. Gogoratu behar da pilotariak euren amen abizenak hartuta ari direla jokatzen. Ikusi atzoko hiru partidetako argazkiak hemen segidan.

Atzo arratsaldeko jaialdia neska txikien partidekin hasi zuten. Sunbillako Erreka klubeko eta Bortzirietako klubeko neskek partida polita eskaini zuten.

 

Peribañez-Alduntzin 04

Santos-Urriza 22

Segidan promozio txapelketari eman zioten hasiera Peribañez-Alduntzin eta Santos-Urriza partidarekin. Lehen partidua zuten atzokoa bi bikoteek eta urduritasuna kantxan antzematen zen. Urduritasun hori bereziki erabakiorra izan zen Alduntzinen kasuan. Ezin izan zuen bere mailarik hoberena eman eta azkar hautsi zen partidua urdinen alde. Azkenean 22-04 Santos eta Urriza nagusi.

 

Iantzi-Etxenike 21

Etxekolonea-Mujika 22

Maila nagusiko partidua aldiz arras ezberdina izan zen. Etxekolonea-Mujika bikotearen estreinako partidua Iantzi beratarraren eta Etxenikeren aurka. Txapelketako partida gogorra, berdindua eta pilotakada ugarikoa. Markagailuan etengabeko berdinketekin eta elkar hautsi ezinik. 16-17 markagailua urdinen alde zela ikusgarria Mujikak 18koa jartzeko sartu zuen boleakada. Bi tantoko zulotxo horrekin urdinek abantaila hartu bazuten ere, gorriek ez zuten amore eman eta 19na nahiz 21na berdintzea lortu zuten. Hil hala biziko azken tantoan Mujikak atzean pilota ederki baztertuz lortu du azken tantoa. Beraz, lau pilotariek maila bikaina eman zuten partida ederrean puntua urdinen zakuan gelditu zen.

 

ETXEKOLONEA eta MUJIKA:   «Oso partidu gogorra izan da. Bagenekien aurkariak gogorrak zirela eta lan asko egin beharko genuela. Irantzuk aurrean asmatu du eta Anek berriz atzean sendotasun handia erakutsi du. Guk gure lana ere ederki egin dugu. Gozada bat da Mujikarekin jokatzea, zorionak aurkariei ere egin duten partiduagatik eta gu oso pozik garaipena lortuta».

 

 

IANTZI eta ETXENIKE:    «Partidu gogorra izan da, arras estu partidu osoan. 21na berdindu dugu eta beraien alde erori da. Baina arras partidu ona eta borrokatua izan da. Maite eta Naroak zulo guztiak estali dituzte. Guk harro egoteko moduko partidua egin dugu eta aurkariak zoriontzea besterik ez da geratzen».

 

Bihar eguerdian Erratzun

Urteari amaiera bikaina eman zioten Beran eta bihar igandea 2022ari hasiera Erratzun emanen diote bi partida bikainekin. Aipatzekoa Zelaia-Lopez eta Iturzaeta-Azpeitiaren estreinaldia izanen dela Eusko Label Binakako Txapelketan.

 

BERA: Atzo arratsaldeko jaialdia neska gaztetxoenen partidekin hasi zuten

BERA: Atzo arratsaldeko jaialdian Peribañez-Alduntzin eta Santos Urriza

BERA: Atzo arratsaldeko jaialdian Iantzi-Etxenike eta

Etxekolonea-Mujika

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun