Euriteak 2021.12.10

Nafarroako Gobernuak uholdeek kaltetutako 133 udalerrien zerrenda onartu du, 21 gure lurraldekoak dira

Ziriza kontseilaria Doneztebeko Santiago Uterga zinegotziarekin abenduaren, ur-goraldiek eragindako kalteak egiaztatzeko egindako bisitan.

Herri hauek denak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak hartu ahal izanen dituzte eta, dirulaguntzak hartzeaz gain, lurralde-kontribuzioa, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ) eta Eraikuntzen Zerga ordaintzetik salbuetsiak geldituko dira. Nafarroa osoko 133 udalerrietatik 21 gure lurraldekoak dira.

Honako hauek dira uholdeek kaltetutako udalerrien zerrendan Nafarroako Gobernuak sartu dituenak:

Abaigar, Allin, Altsasu, Antzin, Andosilla, Anue, Araitz, Arakil, Arantza, Arbizu, Areso, Arguedas, Aribe, Arruazu, Atetz, Auritz, Azagra, Bakaiku, Basaburua, Baztan, Belaskoain, Bera, Berbintzana, Berriobeiti, Berriozar, Bertizarana, Betelu, Buñuel, Burgi, Burlata, Cabanillas, Cadreita, Caparroso, Carcar, Zarrakaztelu, Caseda, Castejon, Oltza Zendea, Ziritza, Cortes, Donamaria, Doneztebe, Etxarri, Elgorriaga, Eratsun, Ergoiena, Erro, Espartza Zaraitzu, Lizarra, Esteribar, Etxalar, Etxarri Aranatz, Etxauri, Ezkabarte, Ezkaroze, Ezkurra, Falces, Fontellas, Funes, Fustiñana, Galoze, Garde, Goizueta, Uharte, Igantzi, Imotz, Irañeta, Irurtzun, Izaba, Ituren, Iturmendi, Itzaltzu, Jaurrieta, Lakuntza, Lantz, Larraga, Larraun, Legaria, Leitza, Lerin, Lesaka, Ledea, Lodosa, Longida, Irunberri, Luzaide, Marcilla, Melida, Mendavia, Mendaza, Mendigorria, Milagro, Miranda Arga, Murieta, Nabaskoze, Otsagabia, Odieta, Oiz, Olaibar, Olazti, Orbaitzeta, Orbara, Orontze, Orotz-Betelu, Iruña, Azkoien, Gares, Ribaforada, Erronkari, San Adrian, Santacara, Sartze, Sartaguda, Sunbilla, Tutera, Uharte Arakil, Ultzama, Urdazubi, Urdiain, Urroz, Urzainki, Uztarroze, Eguesibar, Ollaran, Deierri, Valtierra, Viana, Bidankoze, Villafranca, Atarrabia, Zabaltza, Ziordia eta Zubieta.

Laguntzak eta salbuespenak

Lurralde Kohesiorako kontseilariak emandako Foru Aginduan jasotzen diren laguntzak Nafarroako pertsona fisiko edo juridikoentzat izanen dira eta laguntza horiekin abenduko euriteek eta uholdeek eragindako kalteak ordaindu eta babesteko balioko dute.

Testuan jasotakoaren arabera, «kaltetutako herrietako ondasun higiezinen titularrak diren pertsona fisikoek edo juridikoek ez dute 2021eko ekitaldiari dagokion Lurralde Kontribuzioa ordaindu beharrik izanen».

Era berean, «kaltetutako herrietan jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek ez dute 2021eko ekitaldiari dagokion Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ) ordaindu beharrik izanen».

Horrez gain, «kaltetutako herrietan garatutako jarduerak Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga ordaintzetik libratu ahal izanen dira. Jarduera horietan sartu ahal izanen dira kaltetutako ondasunak berreraikitzeko edo birjartzeko lanak».

Udalek, gainera, salbuespen horien ondorioz kobratuko ez dituzten zerga-sarreren konpentsazioa jasoko dute, 2021eko Gastuen Aurrekontuko 'Tokiko erakundeentzako konpentsazioa tokiko zergetako hobariengatik' partidaren eta 2022ko, 2023ko eta 2024ko aurrekontuetako partida baliokideen kontura.

Modu berean, Nafarroako Gobernuko arlo ekonomikoak konpromisoa hartu du uholdeek kaltetutako enpresa-eremuko erakundeak eta partikularrak bisitatzeko eta modu aktiboan entzuteko, haien premiei zehatz-mehatz lotzeko, honelako egoeretan lehendik dauden eta ohikoak diren prozedurekin koordinatuta.

Nola izapidetu eskaerak

Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek eskaera egin beharko dute dagokien udalean, gehienez ere bi hilabeteko epean, Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik zenbatzen hasita. Baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa Foru Aginduaren testuan zehaztuta daude.

Aginduan jasotako onura fiskalak aplikatzen dituzten udalerriei dagokienez, konpentsazio-eskaera aurkeztu beharko dute Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian.

Bertze laguntza batzuk

Tokiko Azpiegituren Planaren (TAP) barnean, larrialdietarako lerro bat dago, aurrekontuaren aldetik irekia, herrietako azpiegituren kalteetarako.

Nafarroako Gobernuaren Kontsumo Zerbitzuak herritarrentzako aholkularitza zerbitzua du, ondasunetan izandako kalteen aurrean nola jokatu jakin ahal izateko. Horretaz baliatzeko, deitu 848 42 77 33 telefonora.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun