Aurten, berriro ere, iritsi da gure etxeetara administrazioaren gutuna. Atlantikoko isurialdean
mingain urdin kasu bat (08 aldaera delakoa) agertu dela eta –Espainiako Nekazaritza
Ministerioko datuen arabera azkena 2020an Baztanen agertutako kasua dugu— beste
behin behartu gaituzte gure artaldeak zein behiak txertatzera. Hau horrela, gure ezinegona
eta desadostasuna adierazi nahi dugu.
Joan den urtean kasu bat azaldu izanagatik erabaki hau modu sistematikoan hartzea
gehiegizkoa dela iruditzen zaigu, are okerrago momentu honetan egitea. Alde batetik,
negu sarreran, eltxo gutxien dagoen garaian egiten delako, beraz, transmisiorako arrisku
gutxien dagoen garaian. Eta, bestetik, azienda erditzen ari denean edo erditzekotan
denean jartzen delako, horrek eragiten dituen ondorioekin: aziendak sufritu egiten du,
azienda-buru gehienak erabat gortuta gelditzen dira gutxienez hiru egunetan eta kasu
batzuetan umatzeak aurreratzea ere ekartzen du.
Derrigortzea beti zigorrarekin, mehatxuarekin eta xantaiarekin lagunduta etorri ohi da:
esaterako, txertatu ezean, giak ateratzeko debekuarekin, hau da animaliak salerosteko
oztopoarekin. Erabaki hau hartuz gero, mugaz hegoaldera giak egitea oztopatzen zaigun
bitartean -eta hortaz salerosketa oro trabatzen- era berean mugatik honat, iparraldetik
axuriak ekartzen dituzte. Iaz mingain urdin kasu gehienak Ipar Euskal Herrian izan ziren.
Eta hala ere, Frantzian, barne merkatura bideratutako animalien kasuan txertoa hautazkoa
izan zen eta da gaur egun, bakarrik esportaziora zuzentzen diren animalientzako
derrigortzen dutelarik. Nafarroan, berriz, ez da bereizketarik egiten. Ganadua
esportaziora edo bertako elikadura sistemetara bideratu, bi kasuetan derrigorrezkoa da.
Zer ulertu behar dugu jokabide honekin? Hemengo administrazioak farmazia-industriari
salduak daudela, akaso?
Jokaera honen harira, adierazi nahi dugu nazkatuta gaudela jarrera paternalista hauekin
eta beti mehatxupean ibili behar izateaz. Ezin ote ditugu abeltzainok gure kabuz
erabakiak hartu? Zergatik egon behar dugu beti beldurpean? Non gelditzen da gure
erabakitzeko askatasuna, gure burujabetza? Nabari da inposizioaren kultura hezurretaraino
sartua dugula, administrazioa agintekeriaz eta zigorrez erasoz zuzentzen baitzaigu beti.
Bukatzeko, honatx Nafarroako administrazioari egiten dizkiogun bi eskaera: bat, mingain
urdinaren txertoa, Frantzian bezala, barne merkatura zuzendutako aziendaren kasuan
hautazkoa izatea eta derrigorrezkotasuna ezartzekotan esportaziorako ekoizpenari jartzea;
bi, txertoa jartzeko garaia animaliak antzu daudenean izatea, hau da, ardien kasuan
bederen uda sarreran, gaixotzeko eta gaitza zabaltzeko arrisku handiena orduan izaten
baita eltxoen ugaritzearekin batera.