Ados elkartearen Eusko Label txapelketari hasiera bikaina eman diote Latasan

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 27a, 09:00

Amen abizena erabiliz aritu ziren pilotariak eta Iturriaga leitzarrak eta Iantzi beratarrak garaipenak lortu zituzten.

 

Ados elkarteak antolatutako Eusko Label txapelketari hasiera bikaina eman zioten igandean Latasan. Giroa berotzen hasteko Ados pilota eskolako neska txikiek bertze gonbidatu batzuekin batera Eguberrietako torneoan hartu zuten parte. Elkar ezagutzeko eta pilotaz gozatzeko aukera paregabea izan zuten.

Segidan txapelketako lehen partidako protagonistak atera ziren kantxara, amen abizena erabiliz. Iturriaga leitzarra eta Egaña, Etxeberria eta Iraetaren kontra aritu ziren eta partida uste baina azkarrago hautsi zuten gorriek. Indartsu ekin zioten partidari eta konturatzerako markagailuan zuloa ireki zuten. Gibeleko koadroetan hezetasuna ere antzematen zen eta pilota bizi ibili zuteb bi gorriek atzelari urdina estutu zuten. Beraz amaieran uste baina errazago lortu zuten garaipena; Iturriagak eta Egañak 22; Etxeberriak eta Iraetak, 7.

Jaialdiko bigarren partida guztiz ezberdina izan zen, luzea, pilotakada ugarikoa eta emozioz betea. Iantzi beratarra eta Etxenike aritu ziren alde batetik, Kortazar eta Ezeizaren kontra. Partida erdira arte markagailua estu joan zen. Bi aurrelariek aukera zuten bakoitzean ederki mugitu zuten pilota eta atzelariak berriz nor baino nor gehiago ibili ziren elkarri bizkarrik ezin erakutsiz. Bukaerara freskoago iritsi ziren Etxebeste eta Etxenike, tanto erabakiorrak beraien aldera erori ziren eta orduantxe ireki dute zulotxoa garaipen ederra lortuz: Iantzik eta Etxenikek, 22; Kortazarrek eta Ezeizak, 16.

 

Pilotarien adierazpenak

Aipatzekoa da jende aunitz bertaratu zen eta jarri duten giroa ezin hobea izan zela. Honenbertzez, emakumeen pilotak bertze egun eder bat izan zuen Latasan.

Iturriaga leitzarrak aipatu zuenez, «markagailua ikusita ematen du erraz irabazi dugula, baina tantu politak eta gogorrak ere izan dira. Bikote bezala partida ona egin dugu, martxa bat gehiago sartu diogu eta hezetasunarekin horrek asko balio zuen».

Iantzi beratarak adierazi zuenez, «partida oso ona egin du Anek gibelean eta ni aitzinean ere gustura sentitu naiz. Biak egin dugu partida ona nahiz eta gogorra izan eta gustura lehenbiziko hau irabazita».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun