Mendiak 1976 dokumentala ikusgai egunotan Iruñeko Golem Yamaguchin zine aretoan

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 24a, 12:00

Argazkia Iruñean atera zuten 1976ko ekainaren 15ean. Gerardo Plaza lekaroztarra eskuinetik hasita bigarrena da. Hor ageri dira ere Trini Cornellana, Javier Garreta, Javier Pastor, Leandro Arbeloa…

Baztango Mendigoizaleen eskutik, dokumental hau Elizondoko Lur Aretoan eman zuten abenduaren 11n. Espedizio hartan parte hartu zuten batzuk egon ziren emanaldian. Orduan ikusterik izan ez zutenek, bertze aukera bat dute orain Iruneko Golem Yamaguchin, abenduaren 21etik 28ra. Espedizio hartan parte hartu zuen Gerardo Plaza lekaroztarrak. Dokumentalean bere familiakoak ateratzen dira solasean. Ikusi hemen trailerra.

MENDIAK-1976. trailer from Luis Arrieta on Vimeo.

Istorioa 1976an hasi zen, mendizale gazte talde bat Iruñeko udaletxeko plazatik Afganistango Hindu Kush mendikateraino bi lur-orotako ibilgailutan abiatu zenean. Abentura, aurkikuntza berriak eta exotismoz beteriko espedizioa izan zen, 7.116 metroko Shakhaur tontorrera igotzeaz batera arrakastaz amaitu zena. «Euskaldunen lehen zazpimilakoa» izan zen, gure himalayismoaren historian mugarri bat.

Baina gailurrera igo izanaren poza laster bihurtu zen tristura, jautsieran zoritxarreko istripu bat gertatu zenean: espedizioko kideetako bat hil zen eta bertze bat larri zauritu zen. Inguruan zegoen poloniar espedizio baten ezinbertzeko laguntzari esker, nafarrek zauritutako laguna salbatzea lortu zuten. Balentria hark betirako lotu zituen bi espedizioak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun